“Aukera galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara” kanpaina

Nafarroako Gobernua, 33 toki erakunde eta euskaltegiak lankidetzan, “Aukera Galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara” kanpaina jarri dute martxan, helduen artean euskararen ikasketa sustatzeko.

Kanpaina iraila osoan zehar izanen da martxan: batetik, sare sozialetan, eta bestetik egunkari, tokiko aldizkari eta irratietan iragarkiak.

Euskarabideko zuzendariak prentsaurrekoan azpimarratu zuen “Nafarroako herritarrek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta hor jartzen dugu Euskarabidearen konpromisoa, eskubide hori nafar guztiei bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz” eta udal ordezkariak, aldiz, nabarmendu zuen udalak duela hogei urte hasi zirela kanpaina hau elkarrekin antolatzen. Euskaltegietako ordezkariek gaineratu zuten ilusioz ekiten diotela ikasturte berriari eta “pozgarria da Nafarroako Gobernuarekin batera lankidetzan jarraitzea, Euskarabidearen bidez”.

Dirulaguntzak tokiko udaletan eta Nafarroako Gobernuan:
Batetik, udal askok berezko dirulaguntzak eskaintzen dituzte euskara ikasteko. Lizarraldean eta Izarbeibarren, adibidez, 12 toki entitatek (hemen deialdiak): Lizarra, Gares, Villatuerta, Deierri, Lerin, Lezaun, Mendigorria, Abartzuza, Jaitz, Gesalatz, Zirauki eta Biurrun-Olkotz. Zure udalak ez badu eskaintzen, eskatu!

Bestalde, Nafarroako Gobernuak ere emate ditu dirulaguntzak, udalekoen osagarri, eta eskatzeko epea urriaren 1etik 31ra egonen da irekita.

Euskara dastatzeko ikastaroak Deierrin:
Bestalde, zure laguna zalantzan badago: hizkuntzak heldutasunean ikasteko metodologia? gustatuko zait? ez? eraginkorra al da? Ez daukat erraztasunik…? zalantza hauek edo besterik baldin badu, Deierriko Udalak euskara dastatzeko bi mikro-ikastaro prestatu ditu. Izen ematea ostiralera arte, irailak 13, doan. Eskolak, aldiz, irailaren 17, 18 eta 19 Aritzalan (18:00 > 20:00) eta mailak: zero maila eta A1-A2 maila (txikitan A ereduan ikasitakoa edo euskaltegian oinarrizko ezagutzak jasotakoa).

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena