Asteartetik hasita, ipuinak barra-barra: Txokolipuinak, Liburutegi ibiltaria eta “Printzesa edo igela, nire aukera!”

Aste honetan familiek hiru ipuin-kontaketa dituzte aukeran. Lehena, Txokolipuinak, edizio honetako bigarren saioa, oraingo honetan Birjine Albirarekin. Emanaldia, ohi bezala, HH3 eta LH1-2 ikasmailetako haurrei zuzenduta dago eta asteartean izanen da, 17:30ean Los llanos Kulturaguneko Alfonso Ugarte aretoan (monasterioko patiotik). Bi euro dira eta saioaren erdian txokolate ogitartekoa eskainiko zaie haurrei.

Bigarrena asteazkenean, Alloko liburutegian 17:00etan, Liburutegi ibiltaria. Aurrena, ipuin-saioa eginen da, irakurketa, berdintasuna, tolerantzia eta errespetua sustatzeko modu dibertigarri eta parte-hartzailean. Kuxinak, koltxonetak, esterillak, mantak, espazioa leku atsegin, erlaxatu eta dibertigarri batean eraldatzea bilatuko dugu, haurrek, beren familiekin batera, elkarrekin irakurtzen goza dezaten. Adin tartea, 3 eta 15 urte bitarte.

Eta azkenik, ostiralean, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna, Lezaunen “Printzesa edo igela, nire aukera” ipuin-kontaketa antzeztu dibertigarria izanen dugu Ainhoa Ruizen eskutik. Bertan, gure pertsonaiak, bere ipuin, neurri eta ekimenekin, elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatuko ditu. Ipuinetako estereotipo ohikoenak hautsiko ditugu. Printzesa honek ez du salbatua izan nahi, ez du maitasun ideala bilatzen, ez ditu azaleko ametsak jazarriko, eta printzea bere laguna eta konplizea izango da. Saioa 17:30ean izanen da, herriko eskola zaharretan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena