Alkatetzak ninien familiei gutuna gaztelania hutsez

Iaz haurra izan zuten familiek Alkatetzaren gonbidapena jaso dute euren semearen edo alabaren festetako lehen zapia jasotzeko. Alkatetzak berriro ere ekitaldi maitagarri bat itsustu egin du: bere araudia bete gabe, herriko familien eskubideak urratuz, Lizarrako bizikidetza kaltetuz eta euskara sustatzearen aurka jardunez, gutun labur bat bidali du gaztelaniaz soilik.

Eta zeren aurrean gaude bada? Beste “akats” bat izango da? Edo enegarren euskarafobia kasua da? Erraz jakingo dugu, akats bat izan bada Udalak segituan bidaliko baitie gutun berri bat familia guztiei, gonbidapena euskaraz ere eginez. Garaiz dago.

Baina, hori egin beharrean aitzakiren bat jarriko al du? “Demagun”-ka has gaitezen

  1. “Une honetan ez dago langilerik testu labur hori euskaratu dezakeenik.” Itzulpenak egin ditzaketen langileak oporretan daude? bajan? lan-zama handiegia?Horrek agerian utziko luke beharrezkoa dela euskara gaitasuna lanpostu gehiagotan eskatzea, nahiz eta Udal honek kontrako bidea egin plantilla organikoan hizkuntza eskakizunak murriztuz.
  2. Bestalde, orotara 111 hitz daude gutunean, badakizue zenbatean dagoen euskara-gaztelania itzulpena egitea enpresa profesionaletan? hitza x 0,085 euro. Hau da, gutunaren itzulpen profesional bat kontratatzea 9 bat euro dira eta itzulpen enpresa asko daude.
  3. “Lan gehiegi da euskaraz jartzea”. Bost minutuan egin daitekeen itzulpena da, are azkarrago egun dauden itzulpen tresna sendoekin eginez gero eta ondotik berrikusiz.
  4. “Presazko gutuna da”, hori motibo nahikoa ez izanik ere, ez da kasua. Zapiak uztailaren 27an banatuko dira eta gutunak ekainaren 6an jasotzen hasi ziren. Kontuan izani gehienez ere ehun zapi izan daitezkeela, enkargu erraza da eta zazpi aste daude aurretik.
  5. “Udalak gutuna euskaraz soilik bidaltzea hala eskatzen diotenei”. Udalaren araudiak dio komunikazioak ele biz bidali behar direla edozein formatutan, beraz arauak bete nahi baditu ezingo luke hori egin. Hala ere, segregazio hori egin nahiko balu, zergatik ote? Azpian erantzun posible bat.

Gutun honek badu ezaugarri berezi bat, errolda bidez bidaltzen da eta beraz, iaz haurra izan zuten familia guzti-guztiei helaraziko zaie gonbita estimatu hau. Udalaren kontaktu-hartze xamurra da bere herritarrekin, ospakizun bat ospakizun baten barruan, Lizarrako festak, bizitzara etorri berri direnen identitatearen parte garrantzitsua izango diren horiek.

Alkatetza honek arazorik izango al luke Amets, Nekane, Xabi edo Maider bezalako haurren familiek gutuna euskaraz jasotzearekin? Ez al du akaso sahiestu nahi izango Aisha, Lucas, Mohammed, Daniela edo Marioren familiek euskararen berri izatea? Euskara unibertsala da Lizarran, arduratan eta eskubideetan, ez soilik euskara hiztunena.

[EGUNERAKETA] Ekainaren 6an, ostiralarekin, familiek gutuna gaztelaniaz jaso zuten. Ostiralean bertan Behatokiaren bidez familia batek jada salatu egin zuen eta ondoren sareetan. Asteartean gutun berri bat jaso zuten, oraingoan bai, euskaraz ere.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena