Aldi baterako erakusketa Karlismoaren museoan: Urangaren ondarea

Karlismoaren Museoak aldi baterako erakusketa berri bat inauguratu du: Uranga ondarea Karlismoaren Museoan, eta abuztuaren 15era arte egonen da zabalik. Erakusketan ikusgai jarri dira Elena María Uranga Azpirik museoari dohaintzan eman dizkion lanetako batzuk. Pieza horien artean, José Ignacio Uranga Azcune jeneralaren erretratua nabarmentzen da, haren biloba Pablo Uranga Díaz de Arcaya margolariak eginikoa 1908. urte inguruan. Jeneralaren XIX. mendeko zenbait erretratutan oinarritua dago, besteak beste, 1837an Isidore Maguès-ek eginiko grabatuan, eta militarra, pintorearen aitona, zutik eta uniformez jantzita irudikatzen du, hondoan paisaia bat ageri dela.

Pintura hori da artistak eta Uranga familiak gehien estimatzen duten piezetako bat, eta bere onenera lehengoratua dago Artres enpresa espezializatuak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren gainbegiradapean eginiko esku hartzeari esker.

Erakusketa osatzeko, pintura honen prestalanetan eginiko marrazki bat dago, XIX. mendeko grabatu batzuk (jeneralaren erretratu horiek izan ziren artistaren inspirazio-iturria), bai eta zenbait dokumentu ere. Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak eta Nafarroako Liburutegiak beste material batzuk utzi dituzte erakusketarako.

Halaber, gogoratzea abuztuaren 7an, 17:30ean, Museoko erakusketa iraunkorrean bisita gidatua izanen dela euskaraz. Honetan, gehienez 12 lagunek izena eman ahalko dute eta aldez aurretik erreserbatzeko aukera izanen da: 948 55 21 11

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena