Koplariak eta Korrontzi Dantzan

Abuztuaren 28an aparteko ikuskizuna izanen dugu Lizarran: «Koplariak». Bertan Korrontzi taldearen eta Tapiaren musika Xabier Amurizaren kopla biluziekin uztartuko dira, eta hauek Larraiza eta Oinkariren dantzekin jantziko. Arte-diziplina ugari Los Llanoseko lorategien taula gainean.

Ekitaldi honen aitzakiarekin, aukera izan dugu Larraiza Dantzari Taldearekin eta Agus Barandiaranekin hitz egiteko. Hala, Agus, Korrontziren sortzaile eta trikilaria da eta azaldu digu Madrilgo Nube Negra disketxearekin atera zutela lehen diskoa eta haren bitartez sartu zirela nazioarteko folk zirkuituan: «Italian, Frantzian… nahiko ezagunak ginen, baina paradoxikoa bada ere, Euskal Herrian ez. Ederra izan zen Malasian, Brasilen… eta WOMAD bezalako mundu mailako jaialdietan geure herria ordezkatzea». Eta jarraitu du «askorentzat, gure kulturarekin zuten lehen kontaktua zen, gure musika, hizkuntza eta sonoridadearekin.» Izan ere, «lorpen txiki bat zen guretzat gure izatearen berri ematea, publikoak Euskal Herria ezagutzea, bitartekaririk gabe. Nolabait, esan daiteke enbaxadoreak izan garela».

KOPLARIAK ikuskizunean diziplina eta artista ugari batzen dira. Hala, Korrontzirekin batera Leturia ere aritzen da, «harekin erdi bromatan hasi baginen ere, gaur egun esan daiteke taldekide egin zaigula. Bestalde, Korrontzin gabezia bat genuen, geure musikaren %90a instrumentala zen, eta hitza? Hala, Amurizak hitzak jarri zizkion gure doinuari, koplaka». Baina, arlo musikalaz harago, dantza ere bada ikuskizunaren parte garrantzitsua eta horretan Oinkarirekin 10-12 urteko elkarlan finkoa egin dute, «haiek koreografia berriak egiten dituzte gure doinuekin».

Bestalde, Oinkariz gain, Euskal Herriko beste 50 bat dantza talderekin kolaboratu dute eta, hala, oraingoan Larraizaren txanda izan da: «2015ean hasi ginen herriko dantza taldeak gonbidatzen gure doinuak dantzatzera, taula gainean. Hasiera batean, uste genuen oso mundu itxia zela herriko dantzena, baina guztiz kontrara izan da. Are, Madril eta Bartzelonako taldeekin ere aritu gara». Halere, ez zuten lan honen tamaina ongi neurtu, izan ere «herri bakoitzeko emanaldia baino lehen, taldearekin bozpazazpi egun hitzartzen ditugu emanaldia prestatzeko.»

Beraz, emanaldi bakoitza bakarra bilakatzen da. Baina, tamainako lanak merezi al dio Korrontziri? «Lehenengo entseguan, ikustea beraien nerbioak, kirioak dantzan dituztela iristen zaizkigu: ‘zer eskatuko digute egiteko? maila emanen dugu? zer ikasiko dugu?’… baina entseguak egin ahala deskubritzen dute maila dutela, urduritasuna ikasteko irrika bilakatzen da eta nerbioak pasatzen dira. Eta, emanaldiaren egunean, sentimendu asko batzen dira taula gainean, herrikideen aurrean». Hala, «herriko dantza taldeei geure musika eskaintzen diegu eta haientzako erronka den proiektu bat: profesionalekin batera aritzea. Baina guk ere asko jasotzen dugu, haien gogoa, poza eta emozioa, horrek ‘txutea’ ematen digu.»

Bestalde, LARRAIZA DANTZARI TALDEA-k rol ugari hartuko ditu emanaldi honetan: antolatzaile, sustatzaile eta ikuskizunaren parte izanen da. Eta haiei ere galdetu nahi izan diegu honen inguruan:

1. Zein da Larraiza Dantzari Taldearen filosofia? Ba al du bereizgarriren bat?
Larraizaren filosofia gure kultura eta dantzak mantentzea da eta horretarako jendeari eskura dauzkagun aukera guztietan dantzatzeko aukera ematen diogu, beti dohainik. Udan Larrain dantza ikastaroa egiten dugu, umeei eskolak ematen dizkiegu eta nahi duen orori ateak zabaltzen dizkiogu. Une politak pasatu dantzarekin gozatzen dugun bitartean, denontzat tokia izanik, hori da azken batean Larraizaren filosofia.
Bereizgarritzat talde herrikoia garela esango nuke. Herrian ospatzen diren eta deitzen gaituzten proiektu guztietan parte hartzen saiatzen gara, euskara eta euskal kultura sustatzen lagunduz.

2. Euskal dantzak eta euskara, izena komuna dutela esan daiteke, eta izana? Eskutik al doaz?
Larraizan zalantzarik gabe. Taldeak beti izan du lotura estua euskara eta euskal kulturarekin eta azkeneko urteetan batez ere euskarari lehentasuna eman diogu gure ekitaldietan eta talde barruko egunerokoan.

3. Dantza taldean ardura gehien hartzen duzuenok boluntarioak zarete eta ordu ugari sartzen dituzue, argi dago merezi dizuela, zergatik?
Emaitzak ikustean sentitzen duzunarengatik. Batzuek ardura handiagoa hartzen dugu, baina azkenean denon arteko elkarlan bat da. Denok jartzen dugu gure zatitxoa eta horrela errazagoa da. Batzuek eskolak ematen dituzte, beste batzuk materialaz arduratzen dira, beste batzuk jantziez… eta denok dantzak bikain ateratzeaz! Lan guzti horrek merezi du desiratutako emaitzak lortzean: Ekitaldi bat aurrera ateratzen denean, umeek dantzatzen dutenean ongi pasatzen dutela ikusten duzunean, oholtzaren gainean gozatzen dugunean…

4. Nola sortu zen harremana Korrontzirekin?
Iazko konfinamendua bukatzean bideo bat egin genuen, jendea eta geure burua animatzeko eta dantzatzeko gogorik ez genuela galdu erakusteko. Bideo horretan Korrontziren abesti bat dantzatzen genuen, sare sozialetara igo genuen eta uste genuena baino askoz arrakasta handiagoa izan zuen. Hala, haiengana iritsi zen eta horri esker elkarlan hau proposatu ziguten; aukerak aztertu ondoren, aurrera egitea erabaki genuen.

5. Larraiza ikuskizunaren parte da, zein da zuen papera?
Larraizak sei bat dantza egingo ditu emanaldian zehar, Korrontzirekin batera. Egun horretarako entsegu kopuru bat adostu dugu beraiekin batera eta gure ohiko entseguei beste batzuk erantsi dizkiegu, asteburuak barne. Hitz gutxitan, ahalik eta ordu gehien sartuko ditugu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena