Erakusketa kolektibo honetan Lizarrako Lorea Alfaro dugu sortzaileetako bat. Bilbon bizi den artista honen bakarkako azken esku-hartzeak Bulegoa z/b, Carreras Mugica galeria edo espazio publikoan egin ditu. Azken aldian Artium, Guggenheim Bilbao edo CA2M-n erakutsi ditu bere lanak. 2011. urtean, David Martínez Suárez, Jon Otamendi eta Manu Urangarekin batera, Bilbon bizi ziren artistei zuzendutako MLDJ espazio autogestionatua jarri zuen abian.
VIII. AMP “Memoria” erakusketan never mind no mind proposamenarekin datorkigu Lorea, bi bideo erlazioan jarriz: Es importante la memoria XX eta Emi. Lehenengoa Mostolesen grabatu zen, CA2Marte zentruan, 2010. urteko abenduaren 3an eta bigarrena Bilboko Unamuno enparantzan, 2014. urteko apirilaren 11an. Biak Amy Winehousen irudiaren inguruan gertatzen dira. Berbaldian erakusketaren planteamenduaren jatorriaz hitz egingo du artistak. Memoriak, edozein gaik, hitzek, sortzen dizkioten adiskidetasun eta mesfidantzaz. Hitzetatik ekintzetara gertatzen diren distantziez. Denboraren garrantziaz lanarekiko. Lan bakoitzaren kontu teknikoen inguruan arituko da Alfaro.





