Irakurri, gozatu eta oparitu, liburu gomendioa: Zubi bat Drinaren gainean

Ekainean sartu berri gara, Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren azken hilabetean, eta honekin batera Iabenek liburu gomendioa eman digu. Lizarrako irakurle klubaren arduradunak Ivo Andritx-en Zubi bat Drinaren gainean ekarri digu. Hona hemen bere hitzak:

Irakurri gozatu eta oparitu

2015eko IGO (Irakurri, Gozatu eta Oparitu) dela eta, goitian ageri den liburua hautatu dut: Ivo Andritx-en Zubi bat Drinaren gainean. Idazlea Austria-Hungariako inperioaren agindupean zegoen Bosniako Travnik-en sortu zen 1892an eta Belgraden zendu 1975ean. Arrunt tikia zelarik aita hil zitzaion, eta amak Vixegraden utzi zuen bere semea, Drina ibaiaren ondoko hiri batean. Bigarren hezkuntza Sarajevon egin zuen eta Lehen Mundu Gerra hasi zelarik atxilotu zuten Austriaren aurkako erakunde klandestino batean ibiltzeagatik. 1941ean, Alemaniak Jugoslavia inbaditu zuenean, Berlindik (bertan ibili baitzen diplomazia lanetan) Belgradera itzuli zen eta orduantxe idatzi zuen, bertze lan batzuen artean, gaur hizpidera ekarri dudan Zubi bat Drinaren gainean. 1961ean literaturako Nobel Saria jaso zuen, eta jasotako diua Bosnia-Herzegovinako liburutegiak hobetzeko erabili zuen.

Zubi bat Drinaren gaineanObra hau, funtsean, Vixegrade hiriaren kronika bat da. Hiria turkiarrek (garai hartan eta XIX. mendera arte turkiar inoerioaren mendean egon baitzen) XVI. mendean eraikitako zubi ederrari begira bizi da, eta hain zuzen lau mende horien inguruko kronika da guk irakurriko duguna. Zubian gertatuko dira hiriaren gertakizun historiko nagusiak, baina gisa berean zubiaren erdialdean dagoen kapija-n gertatzen dira bertako biztanleen eguneroko bizitzarekin loturiko hainbertze istorio. 1878an, Austria-Hungariako inperioaren agindupera pasa zenean, hiria errotik aldatu zen, modernitatea sartu baitzen bete-betean, eta hiria ez zegoen erabat prest horretarako, tradizio zaharrei arras loturik baitzen. Vixegraden, finean, bi arraza, bi kultura, bi erlijio handi juntatzen dira. Beiruten antzera, Bosnia eta Serbiaren arteko muga izaniko Vixegrade ere kristauen eta musulmanen arteko bizikidetza on baten erakusle izan da, baina baita –gerra tenorean bereziki—triskantza gupidagabe aunitzen gertaleku ere. Eta unibertso aztoratu horren berri eman nahi digu Ivo Andritx handiak.

Irakurleak lau mende horietan barna ageriko zaizkion hainbertze motatako pertsonaiak ezagutuko ditu: basak, onberak, krudelak, bihotz faltsukoak, jakintsuak, den-denak halako giro zurrunbilotsuan, gizakien historiaren dinamika pesimista samar batetik ikusiak, baina sentiberatasun handiz marraztuak.

Akitzeko, Karlos Zabalak egin duen euskarazko itzulpena goraipatu nahi dut, arras prosa gozo eta musikaltasunez betera ekarri baitu Andritxen obra itzela. Hortaz, pazientziaz hartu liburua eta irakurri, gozatu eta zure plazer handiko une horiek oparitu, hainbertze ustekabe on jasoko dituzu eta; ez dizu hutsik eginen, ziur egon!

Irakurri gozatu eta oparitu

Aurreko artikuluaAsteburuan: euskararen eguna Abartzuzan eta euskalderetea Utergan
Hurrengo artikuluaBerria egunkarian elkarrizketa Lizarrako Alicia Izali: genero identitatea