AEK-k euskaltegiak bete nahi du 26/27 ikasturtean

AEKk Euskara eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir kanpaina aurkeztu du. Horrela eman dio hasiera 26/27 ikasturteko matrikulazio epealdiari, dagoeneko zabalik baititu euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan. Baita Lizarran ere, maila guztiak eskaintzen baitira (688746652 / lizarra@aek.eus / Lizarran, Kale Nagusia 40)

AEK-k kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin da: “Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko…”.

Horren harira, AEK-k ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa ekarri du gogora: “Orduan adierazi genuen euskara eta euskal hiztun-komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta ezinbestekoa dela biziberritze-prozesuan jauzia egitea, pizkunde berri bat eragitea. Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da.”.

Dirulaguntzei dagokienez, Nafarroan urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula.

Halaber, AEKren metodologia komunikazioan oinarritzen da, praktikotasunean, “euskara lehenengo egunetik erabiltzeko ikastean: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekin komunikatzeko gai izatea baizik”.

Bukatzeko, ikasturte berriko irudian ageri den “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen” logotipo berriaren aldetik, AEK lehenago sortu zen, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zen: “1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu kartelen eta bestelako euskarrien bidez”.

Aurreko artikuluaOstiralean Mugarri ikuskizuna Vianan
Hurrengo artikuluaIgandean bisita gidatua Karlismoaren museoko aldi baterako erakusketan