Hamarkadak dira txosnak bus geltokiaren atzean antolatzen direla, eta azken urteotan Festagiro elkarteak batu ditu hainbat eragileren ahaleginak ahalik eta egitaraurik onena eskaintzeko. UPNren azken erabakiek, baina, arriskuan jarri dituzte 2024ko txosnak eta joan den larunbatean elkarretaratze jendetsua egin zen Udaletxearen parean. Hona hemen Festagiroren argudioak:
- UPNk Txosnen kokapena agintekeriz aldatu nahi du, San Benito ingurura, Los Llanos parkean.
- Txosnetarako leku egokiagoa ikusten dugu orain arte egin ditugun lekua, hain zuzen ere, 28 urtez egon diren tokia.
- Txosnak San Benitora bidalita, jaietako dinamika sozialetik urrundu eta isolatu egiten dira, erreferentzialtasuna eta bideragarritasun ekonomikoa galaraziz.
- San Benitoko ingurunean erasoak gertatzeko arriskua areagotzen da, emakumeontzat leku arriskutsuagoa izanik, eta ez dugu onartuko.
- San Benito lorategia hondatuta eta lokatzez beteta gera daitekeela ere uste dugu, 4 eguneko festaren ondoren.
- Espaziora doazen gazteen aurkako poliziaren sarekadak ugarituko diren lekua da.
- UPNk ematen duen argudioa da txosnak ezin direla barraketatik hurbil egon haurrengatik, nahiz eta gurasoen elkarteen inolako kexarik ez egon. Azpimarratu nahi dugu Txosnak haurrentzako lekua ere badirela, urtero antolatzen baititugu publiko horrentzako jarduerak eta arrakasta handia dute. Bestalde, iaz irtenbidea eman genion gai horri, espaziorako sarrera aldatuz, gobernu-taldearen oniritziarekin.
Hori dela eta, UPNri eskatzen diote bere jarrera zuzentzeko eta txosnei baimena emateko autobus geltoki aurreko aparkalekuan egin ahal izateko. Eta, bestela, leku hori ezingo balitz erabili, “antzeko baldintzak dituen toki bat eskatzen dugu, eta ez gure baldintzak okertzen dituen espazio bat”
Badirudi UPNren argudioetako bat dela txosnak eta haur-eremua ez direla bateragarriak. Hemen Gareanek txosnetan antolatu dituen zenbait ekitaldiren irudiak.




