La Bota Peñak prentsaurrekoa egin zuen joan den astean salatzeko Udalak ez diola “utzi nahi Peña la Botako barraka Santiago plazan jartzen, jaietan, 2015etik egin den bezala.” Albistea ez zen berria jada, uztailaren 11n prentsan atera baitzen. Bota Peñari maiatzaren 30ean, osteguna, posta elektronikoz jakinarazi zitzaion eta “harrezkero, bilera bakarra izan dugu udalarekin, guk hala eskatuta, eta ekainaren 11n”. Han, festetako zinegotziak, honako argudioa bakarra eman zizkien Peñako kideei:
- Bere garaian (2015ean) txosna jartzen uzteko eskatu genien, lokala obretan zegoelako. Orain badugu lokala eta ez dugu txosnarik behar.
Peñak, aldiz, hainbat argudio ditu txosna jartzearen alde:
- 2015etik daramagu Santiago plazan barraka jartzen, eta lehenengo urteetatik ez dugu inoiz argudio hori (obrena) erabili jartzeko eskatzeko orduan.
- Irabazi-asmorik gabeko elkartea gara.
- Bide publikoa okupatzen dugu, eta horregatik ordaintzen dugu.
- 140 bazkide dituen lokala dugun arren, ia 400 bazkide eta laguntzaile dituen Peña bat gara (denak ez dira lokalaren parte), txosna guztiontzako topagunea da.
- Barrakatik lortzen ditugun diru-sarrerak hainbat jardueratarako erabiltzen dira: Cheko Bajadica, Dianak, Kalejirak, Bertso Bermuta, Kontzertuak, Egoitzetara bisita, Ur-txirrista… Txosnarik gabe, Udalak diruz laguntzen ez dituen jarduerak bideraezinak dira.
- Barrakarekin daramagun denboran, ez zaigu esan bizilagunak gutaz nekatu direnik zarata eta ordutegia bezalako gaiekin. Are gehiago, taberna batzuek gure presentzia eskertu digute.
- Garean eta Ikastolarekin batera, jai-gune bat sortu dugu Santiago plazan, Udalaren programa ofiziala osatzeko, eta hainbat talde eta elkarterekin lankidetzan aritu gara, hala nola Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, Lizarra Harrera Hiriarekin, Bertso Eskolarekin… Txosna gurea da, baina osotasun baten parte da.
Bestalde, Botako kideek azaldu zuten UPNrekin ez ezik, PSNrekin ere bilera bat izan zutela, ekainaren 12an, asteazkena. “Hauek udalaren erabakiaren alde agertu ziren, honako argudio hauekin:”
• Lokala dugunez, ez dugu txosnarik behar. UPNren argudio bera.
• Ostalaritzari lehia desleiala egiten diogu.
• Txosna jartzen uzten badigute, diskriminazio bat da gainerako elkarteentzat, 9 urtez egon
dena.
Bakoitzaren argudioak eta jarrerak azaldu ondoren, Bota Peñak “udalak denbora honetan izan dituen formak nabarmendu nahi” ditu:
- Esan bezala, lehenengo albistea posta elektronikoz jaso genuen maiatzaren 30ean,
ostegunean. Txosna jartzea ukatuko zigutela jakinarazi ziguten, eskatu ere egin gabe. - Eskaera ofiziala posta jaso ondoren egin genuen. Instantzia berean beste baimen eta diru-laguntza batzuk eskatu genituen.
- Posta jaso bezain laster, udalarekin berehala biltzeko eskatu genuen, bai posta elektronikoz, bai instantzia bidez. Astebete geroago erantzun ziguten, ekainaren 7an.
- Ekainaren 11ko bileran gure argudioak entzun ondoren, gaia berriro pentsatuko zutela eta jakinaraziko zigutela esan ziguten.
- Ekainaren 26an instantzia bat helarazi genion udalari, erantzun ofizialik ez genuela gogoraraziz.
- Uztailak 11, ostegunean oraindik ez genuen erantzun ofizialik jaso, eta albistea prentsan atera zen.
- Erantzun ofiziala uztailaren 15ean iritsi zen: txosna ukatzen digute eta bide batez historikoki jaso dugun kontzertuetarako dirulaguntza galdu dugu.
Azkenik, Bota Peñak adierazi du epeen atzerapen eta komunikazio falta hori errespetu falta iruditzen zaiela, La Botari ez ezik, azken hilabeteetan lanean ari den jende guztiari ere. Txosnak dagoeneko hitzartuta zeuden hainbat gastu dakar: txosna alokatu, bajera alokatu, edari hornitzaileak, plazan aritzen diren artista eta taldeak…
Gainera, erantsita dute erantzunik gabe egon diren bitartean mobilizatu direla: “testu bat idatzi genuen, gobernu-taldeari egoera berriz aztertzeko eskatuz, eta atxikimenduak jaso ditugu ostalaritzatik, elkarteetatik eta kolektiboetatik. Ostalaritzako 45 sinadura ditugu, lehia desleialaren argudioa bertan bera utziz eta elkarte zein kolektiboen 31 sinadura ditugu, diskriminazioaren argudioari kontra egiteko.”
Azkenik, nabarmendu nahi izan dute “La Bota ez dela elkarte hutsa, Peña bat baizik. Peñen jarduera nagusia herriko jaiak babestea, girotzea, laguntzea eta kaleratzea da. Gure geografian oso hedatuta dagoen elkarte mota bat dira, eta horiek gabe ezin dira ulertu ez Lizarrako jaiak, ezta Nafarroakoak ere.
Ez dugu ulertzen nola udal hau Peña bat kalean egotearen eta jaiak girotzearen aurka dagoen, espazio bat eta diru-sarrera batzuk kenduz, horiek gabe jarduera asko desagertzeko arriskuan baitaude. Horrek Horrek programa ofizialari eta, oro har, gure jaiei eragiten die.“




