Maria de Maeztu sari “bikoitza”: literatura eta euskara-ahalduntze sariak

Joan den urriaren 20an banatu ziren XXVII. Maria de Maeztu literatura sariak. Osotara 90 lan aurkeztu dira aurten, horietarik 7 euskaraz. “El Cordón umbilical” izan zen gaztelaniaz saritutako lana, Paula Hoyos Gómezena. Euskarazko lanaren irabazlea, berriz, Ainara Tirapu Nuin izan da: “Chicken Teriyaki”.

Ainararen kontakizunak Rosalia musikariaren abesti ezagunaren titulua hartzen du abiapuntu, eta bertatik, aldi berean jorratzen eta salatzen du emakumezkoen salerosketa, prostituta baten bizi-erretratuaren bitartez.

Hemen Ainararen hitzartzea sari-banaketan:

Bestalde, arestian aipatu bezala, aurten euskarari loturiko bi sari eman zirela esan genezake. Batetik, literarioa, eta bigarrenik sari-banaketako ekitaldian agian oharkabean jazo zen pasarteari, euskaldunen ahalduntze printza bat. Hala, hasiera-hasieran (bideoaren 1. minutuan), aurkezleak honakoa adierazi zuen: “También nos acompaña Zumaia Arizabaleta, que es miembro del jurado y que en su caso es miembro del jurado para los relatos en euskera“.

Handik hogei bat minutura, pazientzia handiz itxaron eta gero (zehazki 20:15 minutuan), Zumaiak berak: “Quería aclarar una cosa: todos los que hablamos en castellano y euskera somos jurado de castellano y euskera. Y luego hay personas que sólo hablan castellano, y son sólo de castellano.” Eta ondoren euskaraz jarraitu zuen.

Gizarte honetan zenbaitetan (?), maiz (?), joera dago euskaldun eta erdaldun izate hori dikotomikoki aurkezteko; olioa eta ura bezala, nahasten ez diren bi likido. Interesen arabera noski, behar denean nabarmentzen baita “hizkuntza komuna”, “batzen gaituena”, “denok dakiguna” zein den. Hau da, batzuetan euskaldunari aitortzen zaio erdalduna ere badela, usuki errateko euskara ez dela beharrezkoa.

Baina bestetan euskaldunaren rola izaten da bere txoko txikiaren (ghettoaren) kudeatzaile, etxekoandre eta etxekogizon, eta noski, gaztelaniaren konpartsa: Euskararen munduan arrakasta izatea bigarren mailakoa da, futbolaren munduan (emakumezkoen) mundiala irabaztea bigarren mailakoa omen den bezala. Eta are, arrakasta horrek euskal guettoaren mugak gainditzen dituenean, diskriminatzaileak gara, euskara ez dakiten horiekiko baztertzaileak, eta ekimen arrakastatsu hori gaztelaniaz ere (edo zuzenean gaztelaniaz) egin beharko genuke. Ulertu beharrean eta bultzatu beharrean, hain zuzen ere, dena delako euskarazko ekimen arrakastatsu horrekiko (kanta, post, tailer, meme, narrazio, festa…) jakin-mina eta gogoa akuilu izan daitekeela erdaldunak euskararekiko nolabaiteko beharrezkotasun bat senti dezan, euskara ikasteko gogoa senti dezan; ba ez, baztertzaileak gara.

Zumaiaren hitzartzera bueltatuz, jendaurreko aurkezpenean zaudelarik kezkatzen zaituena prestatu duzun hori ahalik eta hobekien egitea da, urduritasuna, ele bitan egin beharra… pazientzia, buru-argitasuna eta ausardia erakutsi ditu Zumaiak erantzun zuen moduan egiteko. Zorionak eta eskerrik asko!

Bere kasuan jarrera hori ez dirudi harritzekoa denik, ikusi bestela bere karrerako proiektuan, Euskal Herritik urrun, zer idatzi zuen aitzinsolasean: “porque el euskera es mi lengua con la que me siento identificada y que creo que es necesario mantener, cuidar y preservar. Puesto que realizo el trabajo en castellano, me gustaría plasmar en este texto aquellas palabras que siento como mi idioma materno, ya que nací en Arrasate, en el seno de una familia mitad euskaldun mitad castellano parlante y tuve la suerte de poder realizar todo mi recorrido académico/estudiantil en euskera“.

Halako gehiago behar ditugu gurean!

Zumaiaren hitzartzearen pasarte hori (20:15)

Aurreko artikuluaBa al zenekien…? Lizarra, kaputxinoak eta lehen euskara eskolak
Hurrengo artikuluaUrriak 31, asteartean 18:00etatik aurrera Gau Beltza Lizarran