Badatoz Arimen Gaua, Santu Guztien eguna, … eta kultura anglosaxoitik etorri zaigun Halloween. Azken urteotan euskalgintzatik Gau Beltza bultzatzen ari da, azken finean, Halloween-ek bezala, arbasoen iturrietatik edan, garai batean (ez horren urrun, XX. mendearen erdialdera arte edo) Lizarraldean egiten ziren ospakizunak XXI. mendera ekarri eta, Halloween-en Hollywoodek eta merkatalgune handiek egin bezala, balore batzuen gainean berrasmatu festa. Jakina, baloreak eta haiei loturiko ekintzak ez dute zertan berdinak izan.
Gau Beltzak oinarri izan nahi ditu naturarekiko lotura eta jasangarritasuna (egin mozorroa trapu, maindire eta oihal zaharrekin kontsumismoa sustatu beharrean; ez erosi plastikozko kuia egin etxean garaiko produktuekin), komunitarioa (elkarrekin prestatu kalabazak, aurpegiak margotu, mozorroak), eske-kantuak egin, berdintasuna (mozorroekin genero estereotiporik ez adibidez), euskara…
Hala, Lizarran, eskolek bere baitan egiten dituzten ekimenak eta unitate didaktikoez gain, iaz tarrapataka karrikan antolatu zen ekitaldiak segida izanen du aurten. Hala, asteartean urriaren 31n, Gau Beltza plazara! 18:00etan fotokola eta aurpegi margoketa. 18:30ean kalejira Ikastolatik Santiago plazara eta 19:00etan musika, dantza, kuia jauzia eta txokolatada Santiago plazan.
Eta asteartea baino lehen zer egin, zer prestatu? Hona bi proposamen:
- Itzali argia, utzi karrikako farolen argiari sartzen gortinetatik, dardarti, eta entzun elkarrekin Hotzikarak audio-ipuin laburrak. ERA.EUS-en “Halloween edo Arimen Gaua euskaraz ospatu” artikuluan topatuko dituzu.
- Hartu kuia baratzetik edo fruta-dendan, etxeko txikiarekin forma eman zuen Gau Beltza kalabazari eta jarri kandela. Astearterako prest! Hemen Gau Beltza kalabaza-tailerraren bideoa.




