Urtez urte, euskara gero eta gehiago zabaltzen ari da, gazteen artean batez ere, eta hori gertatzen ari da hein handi batean euskarazko murgiltze ereduari esker, familia askok hautatzen baitute. Batzuek argi izaten dute hasieratik, baina egia da belaunaldi eta familia bakoitzaren errealitate linguistikoaren eta kulturalaren arabera, zalantza ezberdinei aurre egin behar izan zaiela erabakia hartzeko orduan.
Lehen eskolak eta ikastolak abian jarri zirenean, familia euskaldunek galdetzen zioten beren buruari ea seme-alabek gaztelaniaz ongi ikasiko ote zuten. D eredua euskara ez dakiten familietara edo erabilera apalagoko inguruneetara zabaldu denean, Lizarraldera adibidez, familia askoren kezka bestelakoa da: nola lagundu ahalko dieten seme-alabei hizkuntza ez badakite, nola lortu lagunekin plazan euskaraz egin dezaten. Era berean, beste herrialde edota kulturetatik euskarara etorritako lagunak arduratu egiten dira familiaren herentzia kulturala eta hizkuntzak transmititzearekin batera euskara ere gehitu dadin.
Bidea beste aukera bat zegoela uste zutenek ireki dute beti. Eta aintzindari horiek, hasierako zalantzak argituta eta egindako hautuarekin asebeteta, beren bizipenak, esperientziak eta pasadizoak partekatu izan dituzte ezagun, lagun, hizkuntza-kide edo kultura-kideekin. Hala, dagoeneko egindako bide baten segurtasuna eta lasaitasuna eman diete.
Eta, hain zuzen ere, Garean elkarteak zubi-lan hori erraztu nahi izan du Sveta, Monika, Hassan, Jenny, Ismail eta Nick-en esperientziak bideoan jaso eta on-line partekatuz. Horretarako, ezinbestekoa izan dugu Olaia Santxez bideogintza lanetan.
Bideoak honako Youtube zerrendan ikusgai: https://www.youtube.com/playlist?list=PL5WpaiUCDB4rPAFwx_kI9Xwf24d96Itx0




