Datorren ostiral eta larunbatean ekitaldi bana izanen dira Villatuertan. Aurrena, ostiralean 18:30ean Xabi San Sebastianen kontzertu intimoa herriko San Roman baselizan, lekua erreserbatzeko Irantzu euskara zerbitzuari idatzi. Bestalde, larunbatean 17:30ean kalejira herrian barna: bertsolariak, Kantuz, haur jolasak…
Xabi San Sebastian (hemen facebook orria) Izotz taldean gitarra-jole eta kantari hasi zen eta ondoren Albokan aritu zen kolaboratzen Joxan Goikoetxea eta Alan Griffinekin. Hauekin hiru diskotan hartu zuen parte, Bi Beso Lur (1998), Lorius (2001) eta Lau Anaiak (2004). Kepa Junkeraren Maren (2001) diskoan ere kolaboratu zuen.
Bakarkako bideari 2004 urtean ekin zion, Orai diskoarekin eta ondoren beste hiru disko etorri dira: Ospela (2009), Erraiak (2012) eta Zuhaitzak ez du beldurrik (2017). 2010ean Ahotsetan ikuskizuna sortu eta eskaini zuen Harkaitz Cano idazlearekin batera. Zinemako film laburrentzat musika egiten ere aritu da eta Hitzetik Hortzera programan ere bertso jarriak musikatu zituen.

Larunbatean, berriz, Villatuertan barna kalejiran ibiliko gara hainbat geldialdi eginez. Horietan, euskararen hariarekin bata bestearekin lotuko ditugu musika Xaiburu trikitixa eskolarekin, Kantuz*, haur jolasak eta bertsoak Erika Lagoma eta Aitor Irastortzarekin. Abiapuntua: herriko Osasun Etxeko parkea 17:30ean. *Kantutegia banatuko da





