Elkartasun olatua handitzen ari da Oteitzako Bizi Dantza emanaldiarekin, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin eta haien lanarekin. Albiste honetan dituzue orain arte nabarmendu diren hainbat elkartasun ekimen, kronologikoki alderantzizko hurrenkeran:
Honela, ostiral honetan sare sozialetan barreiatu zen modu espontaneoan guraso talde baten ekimena, honela zioen: “Gure txikiei, Lizarra irriz eta kolorez betetzea ukatu dietelako… Sudur gorria jantzi, hartu zure askaria eta agertu ostiral honetan, urtarrilak 31 arratsaldeko 17:15etan koroatze plazan”. Irrien Lagunen Familiak sinatua.
Une eta giro ederra izan zen, heldu zein haur sudurgorriz bete zen Koroatze plaza, hemen ahotsa.info-n askaria bideoan jasota:
Aurreko egunean, ostegunean, elkartasuna adierazteko eta zentsura salatzeko opari ederra egin zuten Regueifesta da Galizako lagunek, regueifa-k, bihotzetik bidalitako cantiga improvisada. Honela azaltzen zuten bideoan bertan: “Contra a censura! Desde a Regueifesta, projeto escolar para impulsar a Regueifa, -a improvisação oral em verso-, enviamos este vídeo de apoio e abraços para Porrotx, Pirritx, Marimo e gente de Irrien Lagunak.”
Eta ezin aipatu gabe utzi urtarrilaren 24an Maddalen Arzallus bertsolariak egindako oparia: ‘Maite Zaitut’ kantuaren melodian, ondu zuen abestiaren bertsioa. ‘Kantualidadea’ atalaren tartean, ostiralez, Gaztea Dida irratsaioan.




