“Nafarroan gaindi”, Garazitik Lizarrara!

Duela bi urte, 2017an, Puy egunean, “Mugak gainetik” ikuskizuna izan genuen Lizarran. Aurten, Lizarra eta Donibane-Garaziren arteko senidetzea indartzeko asmoz, “Nafarroan gaindi” izanen dugu maiatzaren 24an. Baina, zer izanen da “Nafarroan gaindi”?

Ikuskizunaz, senidetzeaz eta Euskal Herriko herrien arteko elkar ezagutzari buruz mintzatu gara Denise Olhagarai, Donibane Garaziko Collège la Citadelleren irakaslea, Nafarroa Beherako kultur eragilea eta proiektu honen bultzatzailearekin.

KOTARRO: Hasteko, zer da “Nafarroan gaindi”? Zer ikusiko dugu Lizarran? Nork parte hartuko du?

DENISE OLHAGARAI: Lau ikastetxetako koruek eta sei musikarik parte hartuko dute. Kanbo, Lartzabale, Donibane Garazi eta Baigorriko ehun bat nerabek Nafarroari buruzko 12 kantu (Lertxundi, Lete, Valverde, Gozategi, Bedaxagar…) emanen dituzte maiatzaren 24ko eta ekainaren 7ko ikuskizunetan, Lizarran eta Donibane Garazin. “Nafarroan gaindi” proiektua, gure ikasleek Nafarroa ezagutzeko aitzaki polita da.

K: Nola sortu zen ikuskizuna Lizarran aurkezteko ideia?

D.O: Duela bi urte Nikorekin eraikitako proiektua (“Muga gainetik I”) ontsa iragan zen eta honi segida bat eman nahi izan diogu. Hori baino gehiago, aurten proiektuari zentzu gehiago eman nahi izan diogu: apiril hasieran, 3 egunez, 18 ikaslerekin egonaldi kultural bat antolatu dugu Nafarroan gaindi (Amaiur, Orreaga, Lekaroz, Iruña eta, nola ez, Lizarran) historia, geografia eta berezitasun kulturalak deskubritzeko. Biziki bidaia aberasgarria izan da ikasle hauentzat eta arrunt motibaturik itzuli dira Garazira. Hurrengo etapa dugu maiatzaren 24koa: gure 100 ikasleak Lizarrara etorriko dira. Ez da bidaia edo bisita sinple bat, kantuaren bidez gure ikasleak elkartrukearen aktore bilakatzen dira eta hortan da ene ustez, proiektuaren funtsa. Kontzertu hori Lizarran ematea sinbolikoa da, senidetze hori euskararen bitartez biziaraztea du helburu.

(Lizarra-Garazi senidetzearen ikurretako bat: hormirudia Lizarrako udalbatza aretoan)

K: Zure ustez, nahiz eta senidetuak egon, Garaziko jendeak Lizarra ezagutzen al du? Eta Lizarrako jendeak Garazi?

D.O: Ez… Ez dugu elkar ezagutzen, eta iruditzen zait ez dugula batak bestearenganako jakin minik senditzen. Senidetzea arrunt ahuldua da azken urteetan, edo hasteko, ez dira herritarrak inplikatzen. Herriko Etxeen artean harremanak baldin badira ere, uste dut herriak eta herritarrek senidetze hori berenganatzea polita litzatekeela. Musikaren bidezko trukaketa hau tresna interesgarria izaten ahal da elkar ezagutzeko, elkarri interesatzeko eta euskaraz gozatzeko. Egia da errealitate guztiz desberdinak bizi ditugula eta elkarrengandik urrun bizi garela, baina pundu amankomun aunitz baditugu ere eta kontzientzia hartze honen bidez elkar aberasten ahal genuke.

K: Lau lerrotan laburtu, ezinbestez Lizarrako kume batek Garaziri buruz jakin beharko lukeena.

D.O: Familia berekoak garela, herri berekoak, euskaldunak eta nafartarrak. Historia amankomuna dugu. XVI. mendean berexi zituzten bi nafarroak, baina lehenago, Lizarra eta Garazi Nafarroako erresumaren parte ziren biak. Geografikoki, jakin behar da Donibane Garazi dela Garazi izena duen eskualdeko hiri nagusia. Garazi eskualde horretan 19 herri ttipi bilduak dira. 6.500 biztanle inguru kondatzen ditu gaur egun. Aktibitate nagusiena nekazaritza da. Gaur egun, zinez nahiko nuke Lizarrako kume batek berea sendi dezan Garazi.

K: Eta bukatzeko, zer erranen zenioke Lizarrako jendeari mugak gainditzen hasteko eta maitzaren 24an Los Llanos Kulturagunera hurbiltzeko?

D.O: Gure ikasleak biziki harro sendituko dira Lizarrako jendea haien lana ikustera hurbiltzen bada. Maiatzaren 24ko kontzertua aukera ederra izanen da elkarrekin momentu goxo bat pasatzeko. Ondotik, dantzatzeko eta festa egiteko parada ukanen dugu Baigorriko gaiteroekin. Biharamunean ere, espero dugu senidetze eguna kari, harremantzen segitzea.

K: Hala bedi!

Aurreko artikuluaAste honetako agenda
Hurrengo artikuluaKotarro 46: elkarrizketak hautagaiei, garaztarrei, eta Garean proiektuak