5 hitz: «Aisharen begiak»

Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021, 2022 eta 2023 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.

Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 67 honetan, bosgarren alea: «Aisharen begiak».


Aisharen begiak


Bonbaren zaratak gogor jotzen ditu Aisharen belarri txikiak. Malkoak masailetatik behera erortzen zaizkio erritmo mantsoan; begiak zabal-zabalik eta ahoa mutu. Zerbaiten esperoan balego bezala begiratzen nau bere altuera txiki horretatik. Hura besarkatzeko gogoak datozkit bat-batean, baina zerbaitek geldiarazten nau; begirada horrek geldiarazten nau.

Haren begi beltz handiek islatzen duten indarrak mugiezinik utzi nau, guztiz izoztuta. Gure inguruan, bonben hotsak ez dauka etenik, baina tenore batez zarata jaitsi dela dirudi. Zerbait erran nahi didala uste dut. Bada, uste hori egia bilakatzen da mutikoak eskua niregana luzatu eta, ni, bere intentzioaz jabetuta, haren parera makurtzen naizenean, masaila ukitzen didanean laztanki.

Irribarre egiten dugu biok. Jada erranda dago Aishak erran nahi zuen hori, igurikitzen zuen hori. Indarra, esperantza eta kemena helarazi nahi diogu elkarri; hori baita geratzen zaigun bakarra, gure herriak duen armarik indartsuena.

Aisharen begietan irakurtzen dut miseriara kondenatutako herri baten historia. Gogorra egiten zait historia horren kontzientzia hartzea eta esku artean ditudan paper zikin eta tolestu horietan islatzea.

Are gogorragoa egiten zait, ordea, konturatzea historia horrek berak Aisha bezalako milioika pertsonen bizitzak zeharkatzen dituela.

Aisharen begiak nire begiak dira, eta zuon begiak ere. Aisharen begiak erresistentzian diharduen ororen begiak dira.

Onintze Arrastia

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena