2025ean ere txosnarik gabe

UPNk bigarren urtez jarraian debekatu ditu Lizarrako txosnak bere kokaleku tradizionalean (autobus geltokiaren parean), alderdi bakarra izanda erabaki autoritario hori mantentzen duena.

UPNk dio txosnak hiru hamarkadaz egon diren tokia (UPNren agintaldietan ere) ez dela egokia, barraken ondoan dagoelako, eta haurrentzat ez direla eredu egokia. Argudiatze hori «barregarria» dela argi utzi du Festagiro taldeak bere adierazpenetan. Gogoratu behar da Garean Elkarteak edizio guztietan haurrendako jarduerak programatu dituela txosnetan, eta espazio horretan Lizarrako txikiek euskaraz gozatzeko aukera izan dutela zenbait artistekin.

UPNren gobernu taldeak bigarren urtez txosnei eta aisialdi-aldarrikapen eredu hori praktikatzen duten gazteei (eta ez hain gazteei) ukatu egiten die festetaz beste era batera gozatzeko aukera. 28 urtez leku berean. Uztailaren 23an, elkarretaratze jendetsu bat egin da, eta mobilizazio gehiago espero dira. Txosnak aurrera!

Hemen Txosnen prentsa ohar xehea, hiru iruditan: 1. orrialdea, 2. orrialdea eta 3. orrialdea.

Festagiroren prentsaurreko testua

Aurten ere kalera atera gara Udal honen autoritarismoa salatzeko. UPNk berriro ere galarazi du txosnak normaltasunez egin ahal izatea. Gure jaiak bete ezin den hutsune batekin utzi nahi dituzte. Baina etsipenean erori eta burua makurtu ordez, berriz ere erakusten dugu herriaren zati handi bat ez dagoela jarrera autoritario hau onartzeko prest. Etsipena ordezkatzen dugu elkartasun eta borrokarekin, sugarra bizirik mantentzeko, badakigulako, lehenago edo beranduago, txosnak berreskuratuko ditugula. Eta oraindik garaiz gabiltzala uste dugu aurten konponbide bat aurkitzeko. Astebete besterik ez geratzen bada ere, dena prest daukagu, UPNk bere jarrera aldatuko balu, txosnak egiteko eta normaltasuna berreskuratzeko.

Jaiak ere aldarrikapenerako unea dira, eta txosnak espazio egokia dira sistema hau sostengatzen duten dinamika hegemonikoak berpentsatzeko. Kapitalismoaren, genozidioaren, matxismoaren eta gure inguruan dagoen arrazakeriaren aurkako kritikareko eta ofentsibarako espazioa dira txosnak; eraso matxistei erantzuteko protokolo bat duen espazioa, eta eztabaidaren bidez, sistema honek baliatzen dituen mekanismoak zuzentzearen aldeko apustua egiten duena. Euskarak arnasa hartzeko espazio bat ere bada.

Azken batean, eredu alternatibo bat da instituzioek euren gobernu taldeekin ordezkatzen dutenaren aurrean: herriaren borondatearen gainetik erabakiak hartzen dituztenak, poliziaren bidez indarra erabiltzen dutenak (biolentziaren eta errepresioaren bidez euren interesak jarraitzen dituena), haien autoritarismoa babesten duen eta ezarririk dagoen boterearen aurka protestatzen dutenak jazartzen dituen sistema judizialaz baliatzen direnak eta onura enpresariala lehenesten duena ongizate amankomunaren, elkartasunaren eta herri borondatearen gainetik.

Baina txosnetatik egoera bakoitzetik onena ateratzen saiatzen gara. Hainbat belaunaldien parte den proiektu honen alde jasotzen dugun herri babesarekin geratzen gara. Txosnek herrian lortzen ari diren errotzea historikoa da, eta oinarri da etorkizunean indar handiagoz berreskuratzeko. Gure herriko kaleetan, jendearen arteko elkarrizketetan, sare sozialetan… txosnen aldeko babesa geldiezina da. Herriaren babes horri guztiari esker, Festagirotik lehen lerroan jarraituko dugu txosnak defendatzen, eta jende guztia animatzen dugu bide honetan gu laguntzeko. Hori da jarraitu beharreko norabidea.

Amaitzeko, UPNri berriz eskatzen diogu herriari entzun diezaion eta gai honi konponbidea eman diezaiola.

Gora Lizarrako txosnak!

Aurreko artikuluaSantiago plazako egitarau aberatsa bueltan da!
Hurrengo artikuluaLarunbatean Bertsondare Saioa Alkaiza eta Julio Sotorekin