egitaraua

EUSKARAREN MARATOIA EGITARAUA 2017

 

Azaroak 17 ostirala

16:30. Karpa ireki. Euskararen Maratoia herri-erronkaren gune zentrala Foru plazan jarriko den karpa dugu. Bertan topatuko ditugu: (1) “Euskaraz bizi nahi dut” denda. (2) “Euskaraz bizi nahi dut” lasterketeten izen emate postua. Eman izena lasterketetan, doan da, eta trukean zozketa mundialean parte hartuko duzu! (3) “BiziPrestGoxo” postua: aukeratu zure hizkuntza jarrera konpromisoa Maratoirako eta izena eman (Ahobizi, Belarriprest edo Bihotzgoxo). Zure konpromisoa ikusgarri eginen duen txapa hartu postu honetan. (4) Erakusketa. (5) Armairuaren photocalla.

17:30. Ekitaldia. Euskararen Maratoiak 3 egun ditu, honakoa hasiera…

18:00. “Euskaraz bizi nahi dut” lasterketak eta koreografiak. Lasterketak bi izanen dira, haur txikiak aurrena eta gazte-helduak ondoren; biak ala biak ez lehiakorrak eta alde zaharrean barrena, Foru plazatik abiatu eta amaitu. Ondoren, agertokitik gidatuta, bi koreografia ezberdin izanen ditugu dantzatzeko. Biak Lizarrako euskaltegian sortuak, bata 2012an eta bestea 2017an:

19:00. “Wontafare” dantza afrikar eta perkusio taldea. Lizarrerriko dantza afrikarren taldeak eskainia. Hizkuntza biziak etengabe harremantzen ari dira; bizi diren hizkuntzek eman bezain beste jasotzen dute besteengandik; hizkuntza baten bizi indarraren seinale da mestizajea.

Ondoren, Zozketa mundiala. Lasterketetako partaideen artean (izena ematean diplomatxoa eman dugu zenbaki batekin) Kontseiluaren produktuak zozketatuko ditugu.

20:00. Poteo musikatua hirian barrena, bertako triki eta panderojole, gazte zein heldu, lagunduta.

00:30. Kontzertua: “eZen balea” (Katxetas tabernan): rock eta ska talde oteitzarrak hainbat musika instrumentu erabiliz lortzen dute musika oso itsaskorra eta erritmo bizikoa izatea.

Azaroak 18 larunbata

11:00. Karpa ireki eta film laburren emanaldia. Karpan aurreko eguneko postuak irekiko dira eta, horrekin batera, ordu erdiko euskarazko film laburren emanaldia eskainiko da.

11:30. Mintzodromoa (karpan). Mintzodromoan ordu betez elkartuko dira partaideak lau kideko taldeetan 3 gairen inguruan hitz egiteko (gaiak online aukeratuko dira). Gai batekin amaitzean, dinamizatzaileak gidatuta, solaskideak taldez aldatuko dira honela 9 solaskide ezberdin izanen ditu. Helburua: ongi pasatzea eta euskaldunek elkar ezagutzea.

11:30. Gazte ginkana (Foru plazan). Arku-tiroa, lokotxak, zaku lasterketa, slak-line, uztaiak pasatzeko proba, itaunketa proba…

11:30. Andrina Basandrina (Maria Vicuñan): Andrina, maitagarrien mundutik dator helburu batekin: iratxoen printzesa babestea “maitagarri amandre” titulua lortzeko. Andrina eta bere txotxongiloek, maitagarri, iratxo, edabe magiko, sorginkeri eta misterioz betetako mundu zoragarri batean, murgilduko gaituzte.

11:30. Gurasoentzako euskara eskola (Maria Vicuñan). Gurasoei euskara opari, euskara eskola bat jolasaren bitartez lehen hitzak eta funtzio komunikatiboak ikasteko gero haurrekin praktikan jartzeko!

14:00. Herri bazkaria (haurrak). 14:30 Herri bazkaria. Bazkari txartelak 10 euroan har daitezke Inon, AEKn, Ikastolan eta Udaleko euskara zerbitzuan. Haur menua 5 euroan izanen da. Haurrek bazkaria amaitzean tailerrak izanen dituzte eta bazkalostean Lizarrako bertso eskolak saioa eginen du.

18:00. Euskaraokea (Basaula elkartean). Soinu probak Foru plazan egin bitartean euskaraokea izanen da Basaula elkartean; abestirik proposatu nahi? maratoializarra@gmail.com

21:30 Kontzertua: Kherau. Euskarazko tradiziozko abesti zaharrek sorgindurik, 2007an abiatu zen boskote bizkaitar honen plazaz plazako ibilbidea. Tradizio eta berrikuntza uztartzeko asmotan, lehenengo urratsetatik mantendu izan dute herri kantutegi eta propio sorturiko abestien arteko oreka, betiere, lehenengoei interpretazio garaikidea ematen dietelarik eta bigarrenetan pop edo rock estiloko egiturak jorratzen dituztelarik nazioarteko jatorrizko hainbat musika-tresna ibiliaz.

Ikuskizun bizi eta indartsua eskaintzen dute, baina tenpo leuneko abestiei ere euren tartea uzten badakite, intimismoaren zertzeladek areagotzen dutelarik kontrastez beteriko errepertoria. Plaza bakoitzari ukitu desberdina eman guran, emankizunaren detaile eta moldeak eten gabe moldatzen dituzte, eta gehienetan, bertsolaritzak eta olerkigintzak agerpena izaten dute.

23:30 Dj Jota Txo. Eta, Kherauren abestiak itzaltzearekin batera, DJ Jota Txo iruindarra ariko da festarako doinu onenak aukeratzen.

Azaroak 19 igandea


11:00 Bisita gidatua judutegira (San Martin plazatik).
Lizarrako juduen ondare aberatsaren adibide, Ega ondoko hiriak 2017ko ekainetik 2018ko uztailera Judutegietako Sarearen Lehendakaritza izaten ari dela. Bisitaldi honetan lehenbizi, Elgacena edo judutegi zaharraren aztarnak ezagutuko ditugu, eta gero, Judutegi Berrira joanen gara.

Herri lasterketak, haur txikien ibilbidea (ostiralean 18:00etan)

Herri lasterketak, gazte eta helduen ibilbidea (ostiralean 18:00ak pasata)