Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore arduratuta daude izarrik ikusten ez dutelako. Zer gertatu da zeruarekin? Lapurtu egin al digute? Birtxi farozainaren laguntzaz urdin infinitura abiatu dira izarren bila… unibertsoaren sekretuak ezagutzera, urrunera begiratuz barrura begiratzeko! Etorri nahi?
Otsailaren 11n, asteazken arratsaldea, Katxiporretaren ikuskizun berria izanen dugu Lizarrako Los Llanosen: Zerua lapurtu dute. Antzezlan edo musikal hau 2024ko azaroan argitaratutako izen bereko ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta. Hain zuzen ere Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean sortutako ipuin horrek argi kutsadura, pantailen erabilera eta natura zaintzearen garrantzia azaleratzea du helburu.
Horrekin batera, Aranzadik eta Katxiporretak https://zerualapurtudute.aranzadi.eus/ webgunea prestatu dute, bertan material didaktikoa, abestiak, eskulanak… topatuko dituzue, den-denak astronomiari lotuak.
Eta momentu ezin hobea da begiak lurretik altxatu eta zerura begiratzeko, izan ere, 2026ko abuztuaren 12an eguzki-eklipse osoa izango dugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Gehienez ere 2 minutu eta 18 segundu iraungo du eta eklipse partziala 19:30 aldera hasiko da eta osoa 20:27 aldera. Euskal Herria zeharkatu zuen azken eguzki eklipse osoa 1905eko abuztuaren 30ean izan zen. Une oso berezia bizitzeko aukera beraz, bakarka, tontor batean, kuadrillan… hori bai, ez ahaztu eklipseetarako betaurreko egokituekin begiratzea, oso arriskutsua baita eguzki betaurreko arruntekin egitea.
Eta horri lotuta, Aranzadi zientzia elkarteak astronomiari buruzko bilduma bat argitaratzeari ekin dio eta hain zuzen ere Eklipseak da lehen liburua. Virginia Garcia astronomoak idatzi du Karmele Gorroño ilustratzailearekin. Eklipseak modu errazean azaltzen dituzte eta betaurreko omologatuak dakarte berarekin. Baietz opari polita Gabonetarako?
Gaur egungo konstelazioak nazioartean onarturiko estandarrak dira, baina, nola deitu izan diegu euskaldunok zeruan ikusten genituen izar multzoei? jarraian eranafarroa.eus webgunetik hartutako Zuberoako kontakizuna. Identifikatzen al duzue konstelazioa?





