Uztailaren 31n Sara Zozayaren kontzertua Zurukuainen

Uztailaren 31n, larunbata, Sara Zozayaren kontzertua 20:00etan Zurukuaingo frontoian. Deierriko udalak antolatuta, aldez aurretik sarrera erreserba daiteke euskara.irantzu@gmail.com edo 622154523 whatsappean.

Indieak emakume izena eta izana ditu (Argia): “Zozayaren eskaintza sotila da itxura batean, baina asko du ezkutuan (eta azaleratzen du batzuetan): xuxurlari ekiten dio teklatuarekin melodia gorpuzten eta gai da poliki-poliki intentsitatea igotzen PJ Harvey-ren tamainako post-rockera heltzeraino. Euskara da bere hizkuntza kutunenetakoa, baina erregistro asko ditu estilistikoki zein hizkuntzei dagokienez: giro elektroniko, progresibo eta kiribilduekin jokatzen du sarri, auto-tunearekin lotsagabeki ausartuta emaitza onak lortzen ditu, gaztelaniaz ere ederto defenditzen da, eta ingelesez mainstream kantak borobiltzeaz gain, gitarra eskutan duela giro ilun, pisutsu eta distortsionatuak ere erdiesten ditu.”

Lur azpiko pop musika (Naiz): “Sara Zozaya donostiarra salto egiteko prest dago. Hogeita bost urte ditu. Intxaurrondo Kultur Aretoa berriki bete zuen. 2020ko Gaztea sarietan finalista hautatua izan da, bakarlari edo talde berri onenaren sailean. Sararen kasua bitxia da: 2017an pop komertziala lantzen zuen Nerabe taldea osatu zuen, baina kritika eta publikoa poltsikoan sartu ditu bakarlari gisa. Bere musikak bokazio minoritarioa dauka. Intimoa eta minimalista da; ez da batere erraza haren estiloa hitz gutxitan definitzea. «Proiektu honetan egiten dudan musika oso erreala da eta hori da jendeari iristen zaiona», esan du Zozayak. «Batzuetan nahasgarria izan daiteke, baina hain zintzoa da transmititzeko ahalmena duela. Gustatzen zaionari asko gustatzen zaio».

Momentuz, bi EP kaleratu ditu “I” (bat) eta “III” izenburuekin, 2018 eta 2020an, hurrenez hurren. Autotuneari ez dio uko egiten, bibolina edo gitarra elektrikoak naturaltasunez erabiltzen dituen bezala. Belaunaldi berri horren pentsamoldea irekia da. Sara Zozayak egin duen ibilbidea, beraz, oso heterodoxoa da: hip-hop musikarekin hasi zen, metala ondo ezagutzen du, eta gaur egun dream pop moduko baten estilora abiatu da. «Musikak orokorki dauzkan elementuak ez erabiltzea hautu bat da, baina beharrezkoa da, nire ustez, planteamendu orokor bat izatea. Musika da tresna horien guztien batura, eta horregatik ez dut aurreikusten ezeri ezezkoa esatea», azaldu du artista donostiarrak.”

Sara Zozaya Hamaika telebistan:

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena