Urtaro aldaketa: Euskaraldiaren Desioen Zuhaitza loratu da izen ematearekin batera

Ostiralean Desioen Zuhaitza “loratu” genuen Lizarran. Udan zehar bildu genituen Ahobizi eta Belarriprest hostoei egunean bertan osatutakoak batu zitzaizkien eta ekitaldi xume bezain ederra gauzatu genuen.

Horrekin batera datozen asteotako mugarriak aurreratu genituen, izen ematearen hasieraren gaineko oharrak eman, udan egindakoak partekatu eta tokiko prentsari dosierra eman genion.

Hostoak nola, gure Ahobiziak eta Belarriprestak ere ezberdintasunean sinfonia bat osatzen dute. Hosto bakoitza ezberdina da, koloretan, marrazkietan, mezuetan… Zuhaitz baten hostoen moduan aldi berean denak dira ezberdin, eta denek dute komunean zerbait. Lizarraldeko HAMAIKAKOAREN bideoan ikusi bezala, era askotara parte hartuko dute herritarrek Euskaraldian. Norbera bere behar, egoera pertsonal, gogoen baitan helburu kolektiboa izanen dugu denok: Euskara gehiago erabiltzea gure karriketan.

Bide horretan urrats ezinbestekoa, izen ematea: http://izenematea.euskaraldia.eus/

Izen ematea ez da urrats hutsala, konpromisoaren adierazgarri izateaz gain, antolatzaileoi tresna eraginkorra eskaintzen digu, batetik: Neurtzeko Euskaraldiaren zabalkundea herrian, parte hartuko dutenekin zuzeneko harremana izateko (prestakuntza saioak eskaini, kultur ekimenak, ekimenaren promozio agerraldiak…), eta Ahobizi edo Belarriprest txapen banaketa antolatzeko ezinbestekoa izanen da. Gogoratu, txapa izena ematen duzun herrian jasoko duzu.

Ohar garrantzitsua: Zure herria aukeratzean kontuan izan soilik zerrendatuta daudela bere baitan arduradun bat dauden herriak, Lizarraldean, kasu: Lizarra, Abartzuza, Deierri (ibarra, ez kontzejuak), Gesalatz (ibarra, ez kontzejuak), Jaitz, Lezaun, Oteitza eta Villatuerta. Horrez gain, inguruan ere baditugu Gares, Viana, Andosilla, Sartaguda, Lodosa eta Mendabia. Beraz, zure herria zerrendan ez badago, gertuen duzuna aukeratzea gomendatzen diguzu.

 

1 IRUZKIN

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena