Blai, bustitzea, jolastea, dibertitzea, murgiltzea… eta Bai, baikortasuna, erabakia. Udan Blai, Udan Bai, eta beraz Udan ere Bai euskaraz Blai.
Udan Blai-k hainbat premiari erantzuten die: Tokian tokiko eta unean uneko kultur programetan euskaraz diren ekitaldi horiek nabarmentzea, oharkabean pasa ez daitezen. Eskualdearen koordinazio ahalegina, euskarazko eskaintzari dagokionez agenda koherente bat izateko. Familien ondoan egotea euskara ikasteko prozesuan, horretarako kultur ekitaldien berri emanez aisialdia, hazkuntza, gozamena eta hizkuntzaren praktika gauzatzeko.
Hemen Udan Blai programazioa PDFn
Bestalde, azpimarratu behar da Udan Blai-k ez duela ekitaldirik antolatzen, era askotako erakundeek antolatutakoak bildu eta hari komun baten arabera antolatu ditu: kalitatea eta euskara. Kalitatezko euskarazko kultur ekitaldiak dira. Horrek esan nahi du, halaber, erakunde antolatzaile bakoitza dela bere kultura-proposamenen arduraduna. Udan Blai jarduera horiek bildu, koordinatu, sustatu eta informatzeko ahalegin kolektiboa da, baina informazio eguneratuena antolatzaileek emanen dute beti, eta saiatuko gara agenda digitalak informazio horrekin egunean mantentzen: era.eus (familia-jarduerak), elaide.eus (helduei begira) eta kotarro.eus.
Halaber, eta familiei pizgarri berri bat eskaintzeko, udako kultur ekitaldien ibilbidea egitea proposatzen diegu, bidaliko zaien ibilbidea hartu, inprimatu eta ekitaldien sarreran Udan Blai zigilua jartzeko eskatu. Uda amaieran, nahi dutenek, mapa hori bera eman eta zozketa mundial batean parte hartuko dute.
Hemen Udan Blai ibilbidea
inprimatzeko formatuan (PDF)
Azkenik, unean uneko osasun neurriei kasu eginen zaie #ZainduZaitezZainduGaitzazu
Prentsaurrean izan dira Lizarra eta Deierriko zinegotziak, Lezaungo alkatea, Larraiza Dantzari Taldea, AEK, Irriherri Villatuerta eta Gareaneko ordezkariak eta Lizarrako zein Irantzu Mankomunitateko euskara teknikariak.