Datorren ostiralean, abenduaren 16an, ostiralarekin, 19:00etan Ino liburu-dendan, Durangoko azokako tantatxo batek bisitatuko gaitu: Haritz Larrageta eta Uxue Rakin etorriko dira “Anna Kopek eta Matrioxken kondaira” liburuaren inguruan mintzatzera.
“Anna Kopek eta Matrioxken kondaira” liburua 9-12 adineko gaztetxoei zuzendurik dago eta Uxueren eta Jokinen abenturak kontantzen ditu. Ama kazetaria dute eta, hori dela eta, bidaiatzea tokatzen zaie maiz. Baina, honako honetan, ezohiko abenturak biziko dituzte eta Moskuko kaleetan arriskuari aurre egin beharko diote. Nor dute segika? Zein da matrioxken kondaira? Zer da Svet taldea? Eta, batez ere, nor da Anna Kopek?
2020an, Zu non han DA! egitasmoa hasi zen liburu saltokiak bidelagun hartuta Durangoko Azoka Euskal Herri osora zabaltzeko. Honela, azken bi urteetan, Azoka amaitu eta Gabonetako kanpaina amaitu arte, nobedadeak eskuragarri izan dira Euskal Herriko 150 liburu saltokitan. Besteak beste Ino liburu-dendan.
Nolako aurkezpenak dira? Euskara hutsezko liburuen aurkezpenak izango dira eta sortzaile berrienak lehenetsiko ditugu. Liburu egileak eta elkarrizketatzaile bat joango dira saltokietara aurkezpena egitera, eta Azoka arduratuko da haiei ordainsaria emateaz. Koordinazio-lana ere Azokak egingo du, saltokientzat erosoa izan dadin egitasmoan parte hartzea.