Ostegunean Bizi sintetikoak: poesia eta musika elektronikoa

Apirilaren 30ean 19:00etan Bizi sintetikoak emanaldia Bota Peñan. Iraupena: 45 min. Antolatzaileak: Garean eta Bota. Poesia egiteko modu bat. ‘Bizi sintetikoak’ errezital musikatua sortu zuten Leire Vargasek eta Jaime Nietok; apirilaren 30ean eginen dute emanaldia, Lizarran. Gizarteko gatazkez eta hierarkiez arituko dira, musikaren eta poesiaren bidez.


BIZI SINTETIKOAK: Poesia eta musika elektronikoa elkarrizketan. 45 minutuan zehar, sintetizagailu-, gitarra- eta teklatu-soinuek emango diote giroa aretoari, eta emozio-paleta zabaleko puntu batetik bestera eramango gaituzte. Haren gainetik agertuko da poesia, idazlearen ahotsean, emoziooi hitzak jarriz. Eta, nola ez, gorputzak: mahai atzean, ia lan mekanikoan ari dela sinetsiko genukeen musikariaren gorputza, eta, erdigunean, hain ikusezina eta urrunekoa izan ohi den idazlearena; erne, mugimenduan eta bizi.

Bizi Sintetikoak duoa zuzenean. Bideoa EiTBn. Poesia eta musika elektronikoa elkarrizketan jarri dituzte Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak Donostiako Uliako Mintegien Parkean.


Leire Vargas (Durango, 2002) | idazlea eta itzultzailea da. Dena ametsa den irudipena poesia-liburua argitaratu zuen 2021an Irun Hiria Kutxa literatur saria irabazita, eta Bihotz-museo batekin eman zion jarraipena 2024an. Jendaurrean ere ibilitakoa da, besteak beste, eRRe bertso-emanaldian Aner Euzkitze, Oihana Arana eta Haizea Aranarekin batera. Mugimendu feministaren eta kuirraren parte da.

Jaime Nieto (Ondarroa, 1976) | Musikaria da. Baxua du lehenengo instrumentu, gitarra eta teklatuetan ere aritzen da, eta sintetizagailuak ditu gaur-gaurkoz interesgune nagusi. Musika irakasteaz gain, ia hiru hamarkada daramatza oholtzetan. Joseba Irazoki, Rafa Rueda, WAS, Atom Rhumba eta abarrekin batera lanak grabatu eta kontzertuak eman ditu; azken sei urteetan El Columpio Asesino taldearekin ibili da errepidean.

Aurreko artikuluaOstegunean Txokolipuinak Jaione Urtasunekin
Hurrengo artikuluaUPNren Arieta haur eskolako kudeaketa salatu dute