Mintzakide programak helburu du erabilera handitzea, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten lagunak ohitura badutenekin elkartuz. Behar eta gustuen araberako taldeak sortzen dira, astero ordu batez mintzatzeko.
Urtero bezala, udazkenaren hasierarekin batera, izena emateko aukera zabaldu da (Lizarrako Bernat Etxepare AEK-ko euskaltegira edo 672 05 01 55). Kotarrora ekarri dugun Mintzakide taldea Lizarrako beteranoetako bat da eta jada hasi dira elkartzen.
Talde hau noiz eratu zen?
Orain dela urte asko! Zortzi-hamar urte badaramatzagu elkartzen, ahaztu ere egin zaigu…
Nortzuk osatzen duzue taldea? Noiz, non elkartzen zarete?
Iaz, lauzpabost lagun elkartzen ginen eta aurten ere horrela hasi gara. Urte hauetan guztietan aldaketak izan dira, kide batzuk utzi, besteak hasi, baina batzuk hasiera-hasieratik gaude. Ordutegiari dagokionez, lehen arratsaldez biltzen ginen, baina orain goizez, ostiralero ordutxo batez hutsik egin gabe. Aldatu ez dena, taberna edo kafetegietan hitzordua egitekoa izan da. Azken urte hauetan, Angela gozotegian, kafe goxo baten bueltan, gustura egoten gara.
Nola hasi zineten Mintzakide programan? Nola izan zenuten programa honen berri?
Bada guk Lizarrako AEK-n. Bertan ikasten ari ginela hasi ginen Mintzakiden eta, euskaltegia utzi ondoren ere, jarraitu egin dugu. Egia esateko, kaleetan kartelak ikusten dira eta, hedabide eta sare sozialetan ere, Mintzakide oso presente dago eta urtero dugu horren berri.
Mintzakiden aritzeak zer ekartzen dizue?
Arrazoi bat baino gehiago dago Mintzakiden aritzeko: garrantzisuena, euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen digula, egunerokotasunean gure inguru hurbilean ez duguna. Gainera, espazio eta giro “babestuan”, lasaitasunez, beldurrik eta lotsarik gabe mintzatzen gara, honek asko laguntzen du. Horrela, ikasitakoa ez dugu ahazten eta ikasten jarraitzeko baliogarria zaigu. Azken helburua, pixkanaka-pixkanaka beste egoera eta espazioetan ere euskaraz hitz egitea da eta honek laguntzen digu. Satisfazio handia da, seme-alabak eta bilobekin euskaraz hitz egin ahal izatea…Eta gehienbat, oso-oso gustura gaudela!!!
Nola animatuko zenukete Estellerriko euskaldun bat Mintzakiden izena emateko?
Arestian esandakoaz gain, jende berria ezagutzeko, askotariko gaiei buruz hitz egiteko… baliogarria dela. Gainera, talde bakoitzak erabakitzen du zer-non egin: paseora joan, elkarrekin kirola egin, haurrekin plazan edo parkean egon, etab. Eta hitz egiteko ohitura eta aukera dutenek, bidelagun gisa eman dezatela izena…