“Mediku ona ala euskalduna nahi duzu?” uste baino iritzi zabalduagoa ez al da izanen…

Lehen aldiz eskatuko zaio euskara Lizarrako osasun etxeko mediku lanpostu bati, zehazki B2 maila. Lanpostua arratsaldeko zerbitzua emateko da eta barne oposizioa da: “El B2 en euskera, requisito para una plaza de médico en Estella“. Ez da kasu isolatua, Nafarroan hainbat familia-mediku, pediatra, larrialdietako medikuri eskatuko zaio. Apirileko Noticias de Navarrak honela zioen: “El euskera será un requisito en el 8% de las plazas de la futura OPE ‘extraordinaria’ en Salud y Núcleo“.

Euskararen presentziaren ehunekoa aipatzean (lanpostuen %8-rako euskara eskatuko dela), komeni da gogoratzea 2016ko beste albiste hau: “Las plazas con perfil de euskera no llegan ni al 1% de la plantilla en 7 de los 9 departamentos“. Euskara plaza derrigorrezkoa dutenen artean, jakina, %90a D ereduko irakasleei dagokio. Hezkuntza departamentua alde batera utzita, lanpostuen %0,7ak dauka soilik euskara betekizuna. Batez bestekotik gora dagoen beste departamentua “Herritarrekiko eta Erakundeekiko harremanetarako” dugu, hain zuzen ere honen barruan dago Euskarabidea saila. Osasunbideari dagokionez 10.802 lanpostutatik soilik 57ri eskatzen zitzaien euskara.

Ehunekotik harago, Lizarran bertan jasotako hainbat esperientzia:

  • Nire alaba txikiarekin -urtebete eskas- medikuarenera joan, sabelarekin gora eta behera baikabiltza, eta euskalduna egokitu zitzaidan azkenekoan. A ze ezberdintasuna! alaba askoz ere lasaiago egon zen. Nirekin dabil ia egun osoan, nire ahotik dena euskaraz entzuten du eta medikuak euskaraz egitean nabaritu nion askoz ere lasaiago zegoela.
  • Beste bat, mediku erretiratua bera, Galizian lanean ohartu zen zein garrantzitsua zen gaixoari bere hizkuntzan artatzearen garrantzia. Diagnostikoa ongi egin ahal izateko baziren pertsonak ez zirenak ongi moldatzen gaztelaniaz eta horrek traba nabarmena sortzen zion. Egun mintzakide dabil.
  • Gaur egun gero eta familia gehiagok haurrak euskaraz hazten dituzte eta txikitan, eskolatu arte, hainbat ez dira gaztelaniaz ongi moldatzen. Hitz egin dugun gurasoei ez die kezkatzen, azken finean eskolatu bezain agudo gaztelania primeran ikasten baitute, baina bereziki ezatsegina edota zerbitzu kaxkarragoa jaso izan dute familia-medikuek edo pediatrek seme-alabei ezin izan dietenean ulertu.

Azken hau, familiek euskaraz heztea haien haurrak, datu soziolinguistikoen arabera handitzen ari da. Honela, Lizarrako datuei dagokionez, 1991n 5-14 urte bitarteko haur/gaztetxoen %0,94 zuen lehen hizkuntza euskara, 2011n aldiz, 5-14 urte bitarteko %12,07 izan zen. Zalantzarik gabe datu bikaina, baina honek gero eta larriago bilakatzen ari da mediku euskalduna izateko beharra, bereziki haurren osasunaren tratamenduari eta jarraipenari begira.

Euskarari meritua edo derrigorrezkotasuna ezartzen zaionean, arrabotsa interesatua sortzen da geurean. Honako lerroburua idatzi zuen, adibidez, ABC egunkariak 2018ko apirilean: “Navarra castiga en sus oposiciones a los aspirantes que no hablan euskera“. Ez da polemika berria, akaso berritasuna izan daiteke behingoagatik honakoa Lizarrara iritsi izana. Honela idazten zuen orain hiru urte EHUko medikuntza ikasle batek: “Mitoak suntsituz: medikua, ona ala euskalduna?“.

Aipatu zalaparta hori kezkagarria izanik ere, kezkagarriena inguruan iritzi hori zeinen zabaldua dagoen ikustea da: “Euskara meritu izan daiteke, baina derrigorrezkoa? Nik zerbitzu ona jaso nahi dut“, izan osasun zerbitzuetan edota bestelako zerbitzu publikoetan. Honen adibide ugari topa ditzakegu geure inguruan, eta bai, intentsitate handiagoan edo baxuagoan eremu politiko oso-osoan salbuespenik gabe.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena