Gareanek urtero bultzatzen duen “Irakurri, gozatu, bertan erosi eta oparitu” programaren 15.edizioa bere amaierara iritsi da eta badugu jada maiatzeko zozketako sarituaren izena. Oraingoan Izaro Sarasola Pelayok eskuratu du aurtengo 30 euroko azken opari-txekea. Lehendabiziko aldia da Ameskoako irabazle bat dugula, Artatzakoa hain zuzen ere. Izarok 9 urte ditu eta Las Amescoas herri-eskolako 4.mailako ikaslea da. Irakurtzea gustuko du baino aitortu du euskaraz ez duela hainbertze irakurtzen. Irribarrea ezpainetan duela erran digu argi duela zer erosiko duen opari-txekearekin, izan ere, Goazen pila bat maite du eta beren liburu bat erosteko aukera itzela izan daiteke.
Gareanek oroitarazi nahi du ekainaren amaierara arte Lizarrako liburu-dendetan deskontu-txartelak erabiltzeko aukera dagoela: Clarín, Dragon Comics, Ekolore eta Ino. Ez ahantzi eta erabili zuen deskontu-txartelak! Bertzalde, Gareanek eskerrak eman nahi dizkie irakurle guztiei, parte-hartzea arrakastatsua izan baita. Datorren urtean IGBO berriro itzuliko da Estellerrira.