Lizarraren kimua: “Ilargiraino eta bueltan, eskerturik. Garean”

2024ko otsailaren 5ean pailazoak Lizarran izan genituen 16.nez eta Gareanek pailazoak omendu zituen, euskararen aldeko lanarengatik horrenbeste urtetan. Horretarako Iñaki Rifaterra artistari eskatu zitzaion artelana egiteko. Hemen Lizarraren kimua artelanaren azalpena:

Lizarraren kimua

Naturan, gure inguruan, egitura edo forma zehatz batzuk maiz errepikatzen dira, batzuk neurri handian, eta beste batzuk, berriz, txiki-txikian.

Ibai eta zuhaitzekin gertatzen dena horren adibide da. Ibai handiak enborrak bezala ikus ditzakegulakoan, eta urak bere jarioan, erreka txikietan ala munduko ibai handienetan ere, logika berdina segitzen du. Beraz, ibaiadarrak zuhaitzen adarrak dira, eta goitik ikusita enborra den ibaiak bere erreka guztien urak jasotzen ditu, enborrak adarrak jasotzen dituen bezalaxe. Ideia hau jarraituz, ibaiak zuhaitz handiak dira, eta zuhaitzak ibai txikiak eta bertikalak ere badira.

Lizar baten adar txiki bat ekartzen dugu, eskuz inprimaturik. Haraino heltzeko urrats batzuk eman ditugu.

Udaberrian Ega ibaiaren bazter batean adar txiki bat jaso nuen eta atelierrean, rodilua erabiliz, tintaztatu nuen. Segituan paper batean inprimatu nuen eskuzko prentsa bat erabiliz. Supituki, bere aztarna eta ertz guziak paper honetara pasa ziren.

Ondoren, prozesu grafiko honi jarraipena emateko, egurrezko xafla batera aztarna grafikoa berriro pasa nuen. Irudia marraztu egin nuen eta zizelkatzen hasi nintzen, grabatugintzak zehazten duen bidea jarraituz, irudi berriaren estanpazioa bete arte. Horrela, bigarren aldiz, adar bera paper gainean itzuli zen, kasu honetan eskuak eta grafikagintza tresnak zeharkatuz. Irudia osatzeko bi xafla erabili ditut, bat bestearen atzean, hondoan urdin berdexka argia eta gainean lizar adarra beltzez. Horra hor ekarritako xilografia.

Iñaki Rifaterra

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena