AEKren euskaltegietan matrikulazio-epea zabalik da euskara eroso ikasi eta bizitzeko 2025-2026 ikasturtean eta Lizarrako euskaltegia prest dago ikasleak hartzeko: 948 552 406 / 607 613 837 / lizarra@aek.eus
Iraila iritsi da, eta, harekin batera, AEKren matrikulazio-kanpaina. Euskara eroso ikasi eta bizi da 2025/2026 ikasturteko leloa, eta prentsaurrekoa eskaini dute, Gasteizko Zadorra euskaltegian. Bertan izan dira, halaber, Gasteizko AEKko hiru ikasle (Rocío Hontoria Campo, Victoria Zarco Jiménez eta Laura Cardelli Sgattoni) beraien testigantza azaltzen, euskara eroso ikasi eta bizitzearen inguruan.
Gaurtik aurrera, matrikulazioa zabalik da AEKko euskaltegietan, bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen. Hori baita AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEK-k, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…
Helburu horri begira behar-beharrezkoa da ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea. Matrikulazio kanpaina aurkezteaz gain, mezu hau argi eta garbi islatu nahi izan dute agerraldian: helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa. Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar da. Hau da, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat. Zentzu horretan, Nafarroan ildo horri jarraituz, A1ekoek %100 arte berreskuratu ahalko dute.




