
Honako artikulu honetan aztertu egingo dugu Lizarrako Udalaren gastu-ahalegina euskararekin. Horretarako azken ia hamar urteotako Euskarabidearen dirulaguntzari erreparatuko diogu. Hala, nahiz eta hori ez den egiten den ahaleginaren zenbateko osoa, bai bada egiten den ahalegin orokorraren bilakaeraren nolabaiteko isla.
Nafarroako Gobernuak, zehazki Euskarabideak, Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko dirulaguntzak eskaintzen hasi zen 2014 urtean. Horrela, udalek eta mankomunitateek euskararen inguruan egiten dituzten hainbat gastu laguntzen ditu Gobernuak. Dirulaguntza hori hiru ataletan banatzen da: A, B eta C. Eta atal bakoitza diru poltsa autonomo gisa funtzionatzen du:
- A modalitatea: eskatzailearen eskumen eremuan (udalerrian edo mankomunitatearen eskualdean) egindako programak. Hau da, kultur eta aisialdi eskaintza kontratatzea, argitalpenak, hizkuntza paisaia, ahozkotasuna lantzeko programak, tailerrak, ludotekak…
- B modalitatea: zenbait toki entitatek batera egindako programak. Nagusiki beste euskara zerbitzuekin batera egiten diren kanpainak, esaterako Ze Berri, helduen euskalduntzea, Ager Vasconum, Etxepare saria, familientzako aholkuak eta materialak…
- C modalitatea: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea. Lizarrako Udalak ia ez du inoiz atal honetan gasturik aurkeztu.
Kultura K-z ere bada aldarrikapenak, beraz, A atalean ikusiko du islatuta Udalaren ahalegina (kultura eta aisialdia gastuak, hizkuntza paisaia, argitalpenak…). Beraz, atal horretan Udalak egiten duen urtez urteko eskaerari jarraipena eginez, Lizarrako udalak kultur eta aisialdi eskaintzan egiten duen ahalegin ekonomikoaren zantzuak ikus ditzakegu. Azpian 2017tik 2025 urtera arte Lizarrako Udalak A atalean aurkeztu duen gastu-aurreikuspena dugu.

Eta zergatik Udalaren eskaera aztertu eta ez Gobernuak eman diona? Bada, bigarren aldagai hori baldintzatua dagoelako kanpoko beste faktore batzuengatik; esaterako, zenbat udal aurkeztu diren eta zenbat diru eskatu duten edota Euskarabideak A atalean zenbateko diru-poltsa jarri duen.
Bestalde, gogora ditzagun zenbait urteren berezitasunak:
- 2015ean udal hauteskundeak maiatzean (alkatetza: EH Bildu)
- 2019an udal hauteskundeak maiatzean (alkatetza: UPN)
- 2020an pandemia urte gordina eta zentsura mozioa ekainean (alkatetza: EH Bildu)
- 2023an udal hauteskundeak maiatzean (alkatetza: UPN)
Ikus daitekeen bezala, gure Udalaren ahalegin ekonomikoan gorabeherak izan badira ere, bada konstante bat: UPNk agindu duenean, PSNren laguntzarekin euskarazko kultura eta aisialdia gutxien programatu diren urteak dira (2020, 2024, 2025). Are, lehenbiziko aldiz 2017tik, Udalak 10.000 euro baino gutxiago aurkeztu ditu aurten euskarazko kulturgintzan eta aisialdian.
Azpian dagoen bigarren taula honetan, aldiz, A atalaren bilakaeraz gain Udalak osotara eskatutakoa ere ikus dezakegu (batez ere B atala). Ikus daitekeen bezala, oro har, A atala izan da nagusi, salbuespena: 2024 urtea.

2024 urtea berezia izan, Lizarrako udalak nabarmen jaitsi baitzuen A atalean gastatzen zuen dirua, baina B ataleko aurreikuspena nabarmen handitu zen. Horrek eragin zuen ia 29.000 euro inbertitzeko asmoa adieraztea. Horren truke, Euskarabideak 19.095 eurorekin laguntzeko asmoa zuen. Baina, dirua eskatu bai, baina gastatzen ez bada edo garaiz justifikatzen ez bada, dirulaguntza murriztu egiten da. Eta, hain zuzen ere, hori da gertatu zena: jaso behar zen diruaren %25 pasa galdu zen (ia 5.000 euro). Eta, beraz, 14.288 euro inguru jaso ziren. Hori Udalak egindako ahalegin ekonomikoari aplikatuko bagenio, 21.800 euro lirateke.
Bestalde, A atalean bezala, Lizarrak dirulaguntzara aurkeztutako zenbateko OSOA (A+B+C atalak) inoizko txikiena izan da aurten. Pandemia urtean baino gutxiago!! Beraz, diruz laguntzeko eskaerarik txikiena egin badu, litekeena da aurreikusitako gastua ere txikiena izatea.
Izan ere, 2017tik 2025era, Lizarrako Udalak bataz beste urtean 18.000 euro eskatu ditu A atalean, eta 27.200 euro A+B+C atalak zenbatuta. Beraz, batazbestekoaren azpitik honako urteak geratzen dira:
- A atalean eskatutakoa: 2020, 2022, 2023, 2024 eta 2025.
- Eskatutakoa, osotara: 2020, 2022, 2023 eta 2025 (nahiz eta 2024 urtea ere hemen sar genezakeen, ikusi dugun bezala ondoren ez baitzen gastu aurreikuspena bete).
Urte horietatik, UPNk izan du ardura nagusia bitan, EH Bilduk behin eta beste bitan ardura partekatua izan da bien artean.
Zantzuak daude, beraz, esateko Lizarrako Udalak euskarari dedikatzen dion dirua gutxitu egin dela. Baina, zergatik da hori? Lizarrako Udalaren aurrekontua gutxitu delako eta beraz oro har gastu guztiak gutxitu dira?
- 2017tik 2020ra Udalaren gastu orokorra 11.1 milioi 13.2 milio artean egon zen.
- 2021eko datuak ez ditugu.
- 2022tik 2024ra etengabeko hazkundea izan du, 13.2tik 15.0 milioira pasata.
Beraz, noiz murriztu zaio euskarari esleitutako dirua? Udalak gehien gastatu duen urteetan. Lizarrako Udalak, batzuk zein besteak agintean egon, gutxi inbertitu du euskaran. Baina, UPNk (eta azken hamarkadako PSNk) aukera duen aldiro, apur horiek ere eskastu ditu.
Iruñerriko udalekin alderatuko bagenu batzuen eta besteen ahalegin ekonomikoa, Lizarra negargarri aterako litzateke. Baina, eta Nafarroa erdialdeko udalerriekin alderatuko bagenu A atal hori? Nabarmen gainetik daude Agoitz (43.500 euro), Zangoza (36.100 euro), Viana (17.700 euro) edo Gesalatz (14.700 euro) bezalako udalerriak. Gesalatz 31 aldiz txikiagoa populazioan, bestek herena inguru edo txikiago. Eta Lizarraren (9.700 euro) kopuru antzekoan dabiltza Abartzuza (9.700), Zurukuain (8.900 euro), Jaitz (8.800 euro), Ameskoa (8.500 euro), Deierri (8.000 euro).
Beraz, eta laburbilduz Lizarrako Udalak:
- Lizarrak aurten inoiz baino diru gutxiago eskatu du kultura eta aisialdia euskaraz programatzeko (dirulaguntzaren A atala).
- Lizarrak aurten inoiz baino diru gutxiago eskatu du euskara sustatzeko (A+B+C atalak).
- Inguruko udalerri askoz ere txikiago batzuek diru (askoz) gehiago edo berdintsu aurreikusi dute gastatzea A atalean.
- Udalaren gastu-orokorra nabarmen handitu egin da azken urteetan, euskara-gastua, aldiz nabarmen txikitu.
- Ez da diru falta, borondate politiko zehatzen isla da. Batetik, euskarafobiak mugitzen duen borondate politikoa dago eta, bestetik, euskarafobia horri beldurra diotenena.



