Lizarrako Udalaren euskarafobiak, UPNk gidatuta eta PSN ezinbesteko kolaboratzaile eta babesle, ez du etenik. Aste honetan ohiko martxaz gain, nabarmentzeko bi albiste gertatu dira.
2024 urtean Fobiaren adierak, Lizarrako Udaleko agintariak euskararen kontra albistea argitaratu genuen Kotarron, laburbilduz urteko lehen hilabeteetan hartutako erabakiek nola murrizten zuten Udalak herritar euskaldunei zerbitzua ematea: Kultura K-z ere bada, plantilla organikoa, eta abar. Bada, orain, Lan publikoaren eskaintza egin du, eta bertan berretsi Kultura teknikariak (eta Gazteria, Kirola teknikariak) eta hainbat administrari lanpostuk ez dutela euskara jakin beharrik.
Bestalde, Udalaren diruz (aski garesti omen), Lizarrako festak promozionatzeko “Estella-Lizarra, capital de la fiesta” bideoa sortu du. Bideoa Fiturren azaldu dute, Mariló Monterok eta Ahikar Azconak Lizarrako jaiak sustatzeko bideoaren aurkezpena babestu dute FITURen Udaleko albistean azaldu bezala.
Hasteko, soilik albistean lerroburua eta azpikoa irakur daiteke euskaraz. Ondotik edukia gaztelaniaz baitator. Jarraitzeko, albistean honela aipatzen da: “Un vídeo al que Mariló Montero pone voz, y que se ha subtitulado en euskera, inglés y francés”. Antza, argitaratzeko unean ahaztu egin zaie, youtubeko bertsioan bederen ez baitago hizkuntza bat bera ere azpidatzita.
Bestalde, honela dio Udalak bere buruari ezarritakoa betebeharrak, hau da, Lizarrako Udalaren euskararen ordenantzak:
- Lehenik, eta guztiz sinbolikoa, I. KAPITULUKO 2. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan. Eta, jarraian, 3. artikuluko lehen puntuan: Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik. Zaila gero bideo oso bat gaztelania hutsez jarrita.
Bestalde, IV. KAPITULUAN, Udalaren kanpo irudiaz:
- 15. artikulua. Estella/Lizarrako Udalak eta bere menpe dauden erakunde autonomoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte herritarrentzat, oro har, ari direnean.
- 18. artikulua. Argitalpenak. Estella/Lizarrako Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bietan eginen dira.
- 19. artikulua. Publizitatea hedabideetan. Udalaren jardueraren gaineko publizitate zein zabalkunderako, idatzizko/ikus-entzunezko komunikabideetan bi hizkuntzak maila berean erabiliko dira, erran nahi baita, euskara eta gaztelania.
- 20. artikulua. Udalak kontratatutako edo diruz lagundutako telebista-erreportajeetan, bideo-dokumentu eta dokumentaletan jatorrizko bertsioan %30 gutxienez euskaraz eginen da. Dokumentua edota erreportajea azpitituluekin ageriko da, unean-unean dagokion hizkuntzan.
Hau da, Udala ez da ari bere araudia betetzen. Zergatik? Ezezagutzagatik? Ez, euskarafobia hutsez ari da. Ez baitu onartzen euskara bertako hizkuntza denik, gaztelaniarekin maila berean, eta gainera berariazko politika proaktibo eta positiboak behar dituela euskaldunek erabiltzea erraztu dezaten eta hiztun berriak lortu daitezen. Udalak politika euskarafobo, elkarbizitzaren aurkako, baztertzaile eta linguizida bat darama UPNk gidatuta eta PSNk babestuta.





