Lizarrako Gazte Asanbladak, LiGAk, 25 urte

GAZTE GINEN, GAZTE GARA. Sentsibilitate askotariko gazteak batu dituen proiektua izan da gazte asanbladarena, autogestioaren oinarrian lan egin izan duen espazio irekia izan baita beti. Zerbaitek ezaugarritzen badu, hori gaztetasuna da eta horregatik pasa dira 25 urteetan zehar hainbat eta hainbat belaunaldi. Duela 25 urte gaztea zen proiektuak, gazte izaten jarraitzen du orain ere. Eman diezaiogun begirada txiki bat gazte asanbladaren historiari!

Aurrekariak. Lizarrako Gazte Asanblada 90eko hamarkadan sortuko zen, 1996. urtean, hain zuzen. 1993an gobernu aldaketa egon zen udaletxean eta gazte batzordea osatu zen. Bertan, gazteek gaztetxe baten beharra jarri zuten mahai gainean eta proiektua Egia jauregian eramango zen aurrera. Dena den, azken momentuan udaletxeak bertan liburutegia egitea erabaki zuen, gaztetxearen ideia alde batera utziz. Honek instituzioekiko mesfidantza sortu eta Lizarrako frontoian asanbladak egiten hasi ziren. Horrela sortu zen 1996. urtean Lizarrako Gazte Asanblada.

Asanblada honetan ideia politiko desberdinetako gazteak elkartu ziren: abertzaleak, libertarioak, ekologistak eta intsumisoak, besteak beste. Lizarran gaztetxe bat lortzeko indarrak batu eta bideari ekin zioten.

Koartel militarreko Gaztetxea

1992. urtean utzi zuten militarrek Lizarrako koartela. Eraikina hutsik geratu zen eta militarren egoitza izan zena intsumisioaren txoko bilakatu zen, beste gauza askoren artean. Izan ere Lizarrako lehenengo gaztetxeak zirko tailerra, eszenatokia, gaua pasatzeko gelak, sukaldea, biltegiak, entsaiatzeko lekua… Gaztetxea herrian sustraitu zen baina UPNk inoiz egingo ez ziren igerileku batzuk eraikitzeko eraitsi zuen eraikin handi hura. Hilabeteak iraun zituen desalojo prozesu bat eman zen: zitazioak, deklarazioak, manifestazioak, kontzentrazioak eta epaiketa. 6 urtez eraikitako proiektua obra-hondakin artean geratu zen.

Hala ere, Gaztetxearen proiektua ez zen koartelarekin batera desagertu. Gazteek espazio bat eskatzen jarraitzen zuten eta aldarrikapen hori hauspotu asmoz autobus geltokiko barrakoi zaharra okupatu zuten. Okupatu eta egun berdinean desalojatu zituzten gazteak eta berriz ere kalean, alternatiba bila hasi ziren.

Pinupe Gaztetxea

Arieta mendi magalean, Santa Barbara baselizaren azpian txalet bat bere eraikuntzaren lehen fasean geratu zen, zimendu eta oinarrizko egiturarekin. Gaztetxe bila zebilen gazte asanbladak bertan ikusi zuen aukera Lizarrako bigarren gaztetxea eraikitzeko. 2002. urtean bertan okupatu zen Pinupe gaztetxea. Lehenengo hilabeteak gogorrak izan ziren, batez ere lan handia esaktzen zuelako eraikina bukatzeak, baina gaztetxe berri baten ilusioak arindu zituen auzolanak.

Egonkortasuna aurkitu zuen gazte asanbladak Pinupen eta horrek bertan hainbat dinamika, proiektu, zein kolektibo sortzea eragin zuen: liburutegia, musika gela, serigrafia tailerrak, kultura antikomertzialeko proiektuak, herri inauteriak… Pinupek iraun zuen 16 urteetan belaunaldi eta esperientzia asko igaro ziren bertatik.

Pinuperen azken urteetan ordea jarduna zaildu egin zen. Etengabeko argi mozketek eta beste zenbait arazok gazte asanbladan zegoen belaunaldi berriarengan aldaketarako beharra eragin zuen. Gaztetxea herritik urrun zegoen, azpiegituran arazoak zeuden eta gazte asanblada Lizarrako gazteen artean eragiteko indarra galtzen ari zen.

Sugarra Gaztetxea

2018. urtean “Lizarra Pizten!” kanpainak bete zituen Lizarrako kaleak. Moskeo kanpaina honek Lizarrako hirugarren Gaztetxearen okupazioan bukatu zuen Ekainaren 23an. Alde zahar erdian hainbat urte hutsik zeramatzan ospitale zaharrean sartu ziren gazteak. Eraikin osoan hilabete ugari pasa ostean, Nafarroako Gobernuarekin akordiora iritsi eta okupatuta zeuden etxebizitzetan alkiler sozialeko etxebizitzak egin ziren, Gaztetxeak beheko solairua mantendu zuelarik.

Sugarra Gaztetxeak ere gazte asanbladak beti egin izan duen jarduna mantendu du, belaunaldi berri eta gazteek eragindako biziberritzea nabarmentzen bada ere. Aurten, gazte asanbladak betetzen dituen 25 urteekin dabiltza lanean, pandemiak eragindako egoerak jarduerak egitea zailtzen badu ere, ekimenak antolatzen diardute. Aipatzekoa da gazte asanbladaren historia jasotzen duen dokumentalaren grabaketa.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena