Lizarrako, Garesko eta San Adriango AEK euskaltegien matrikulazio kanpaina irailean zehar

Matrikulazio kanpaina

“Euskara bizia” da ikasturte berriko AEKren matrikulazio kanpainako leloa. Zergatik? Bada, bizi-bizi gatozelako horixe bera eskaintzera: euskara bizia ikasi eta lantzeko aukerarik onena. AEKn gertutasuna, inplikazioa eta eraginkortasuna eskaintzen ditugulako, euskararen ezagutza eguneroko bizitzarekin lotzea, lanarekin, harremanekin, kulturarekin… Edonoren beharrei egokituriko eskaintza oparoa dugu AEKn.

Lizarraldean eta Izarbeibarren matrikulatzeko hainbat aukera dituzue:

Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegitik pasa zaitezkete, 948 552 406 edo 607 613 837 telefonoetara dei dezakezue edo lizarra@aek.org helbidera mezua bidali. Izarbeibarren berriz, Errobi euskaltegitik pasa zaitezkete edo 606 999 072 telefonora deitu. Amaitzeko, San Adriango Galtzagorri euskaltegitik pasa zaitezkete edo bertako 948 693 436 telefonora deitu.

Bestalde, ikasturte berrian 18. Korrika egingo dugula gogorarazi nahi dizuegu. Seguru gaude beti bezain arrakastatsua izango dela eta Euskal Herriko jendartean euskara ikasteko eta erabiltzeko borondatea, funtsean euskaraz bizitzeko nahia erakutsiko duela, beste behin. Horren haritik hainbat datu aipatu nahi ditugu. Duela hilabete batzuk agindu genuen inkesta baten arabera, Euskal Herri osoko biztanleriaren ia erdia noizbait ibili da euskara ikasten. Are gehiago, laurden bati etorkizunean euskara ikastea gustatuko litzaioke. Langabezian daudenen %35ek, esaterako, euskara ikasi nahi dute epe laburrean. AEKn gure lana betetzen dugu eta prest gaude, ikusi duzuenez, ikasturte berrian ere “gogo biziz” aritzeko. Erakunde eta administrazioei beraiena egitea eskatzen diegu, hau da, euskal herritarren nahiak eta beharrak entzun eta euskara eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea, euskaltegiok eta euskara ikasleak garai gogor hauetan lagunduz, ez laguntzak murriztuz.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena