Datorren ostiralean, urriak 31, gazte eta helduentzako antzezlana izanen dugu Lizarrako Llanos Aisialdi gunean (Golem zinemak) 21:00etan hasita. Tartean Teatroa eta Ez Dok Hiru Bikoteatroaren eskutik, “Lingua Nabajorum” komedia. Sarrerak 5 €-tan.
Lingua Nabajorum: Euskararen Historia zeinean gizona gizonaren kontra eta euskalduna euskaldunaren kontra diharduten.
Euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Gure teoriaren arabera liskarrok sortu eta garatu dute euskera. Gatazka bakoitzari euskeraren aldaketa bat dagokio.Hortaz, euskeraren garapena ez da inoiz geldituko, gatazkak, modu batekoak edo bestekoak, beti egongo direlako.
Eszeptikoak? Deskontzertatuak? Teoria hau gaitzesten duzue? Utzi albo batean aurreiritziak. Ikusi “Lingua Nabajorum” eta… izugarrikeria hau asmatu dutenak txikitu nahi izango dituzue. Horrela euren tesia frogatuta geratuko da: gatazkak beti iraungo du, zuek aberrazio hau definitzeko hitz berriak sortzeko beharra nozituko duzue, eta horrela euskerak aurrera jarraituko du bere bilakaeran.
Patxo Telleriak idatzia eta Jokin Oregik zuzendua, obra hau elkarrizketa burugabe, bizkor eta ironiaz beteetan oinarritutako ikuskizuna da, ibilbide luzea eta estilo ondo mamitua duten bi aktorek jokatua. Bi pertsonaiok euskararen historiaz eta jatorriaz egiten duten interpretazioak, ezin bestela izan, ikusleen algarak sorraraziko ditu. Lur honetan gertatu diren gatazka ugariak euskararen jatorriaren eta bilakaeraren kausa direlako teoria erotik abiatuta, aktoreek goreneko une historikoen segida eroa aletuko dute, hasi Neolitikotik eta gaur egun arte. Lingua Nabajorumek ikuspegi txoroa, ikonoklasta eta askea ematen du euskarari buruz.