Datorren asteburuan ekingo zaio 2024ko Bardoei, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, eta finala Garesen izanen da urriaren 26an.
Datorren larunbatean, 18:00etan Bota Peñan, buruz buru ibiliko dira Lizarrako bertso eskolako kideak, Assurancetourix taldea ( Ander Aranburu, Mikel Kolomo, Mikel Pinillos, Aitor Goya, Ekhiotz Prieto eta Aitor Irazustabarrena), eta Barañain, Altsasu eta Barañaingo erratzak batu diten Manteleko sobrak taldea: Beñat Astiz, Ekain Alegre, Hodei Alegre, Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga. Sarrerak 3 euroan izanen dira.
2012an sortu zen BARDOAK, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, eta jada zazpi edizio dira herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzen. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.
Transmisio lanaren erakusgarri
Bere xumean, handia da 2024ko BARDOAK egitasmoa. Oraingoan 91 kidek hartuko dute parte: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira BARDOAK. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du BARDOAK egitasmoak.
Bertso Eskolekin batera, ezinbestekoa da ere Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta tokian tokiko udal eta mankomunitateekin elkarlanean, ikastetxetan egiten duen lana. ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programaren bitartez, Nafarroa osoko 2.900 ikasle inguruk lantzen dute bertsoa eskola orduetan, 42 udalerritako 58 hezkuntza zentroetan. Ongarri ezinbesteko horren ondorio da neurri batean Bertso Eskolen sarea, eta baita Bardoak egitasmoa ere.
Bertsolaritza Irakaskuntzan programari buruz gehiago jakin nahi, hemen bi minututan laburtuta: