Korrikak etapa berria: Lizarraldeko Korrika Kulturala eta “Uhinak” dokumentala

Joan den ostiralean lehen Korrika Batzordea egin zen Lizarrako euskaltegian eta, besteak beste, Korrika Kulturalerako jarduerak zerrendatu ziren. Datak eta herriak zehaztuta izan arren, oraindik ere ekitaldi ugaritan xehetasunak falta dira: ordutegia, egitaraua, kokaleku zehatza… Baina, data eta ekitaldi-mota behintzat bai badaudela. Kotarro agenda eguneratzen joanen gara ekitaldien xehetasunak erabaki ahala.

Bestalde, oraindik ere datarik ez baduen ere, ziur gure herrietan ikusteko aukera izanen dugula “Uhinak” dokumental laburra (30′ inguru). Ane Labakaren hitzak hona ekarrita, dokumentalaren aurkezpenean: «KORRIKAren leloak bi zati dituen moduan (“Hitz” eta “Ekin”), geuk bi zati horietan bereizi dugu dokumentala», eta jarraian, gehitu zuen: «Hasteko, bederatzi lagunen “hitzei” esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak. “Ekiteari” dagokion zatian, berriz, hitzekmundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio, Lorea Agirreren ahotsean eta KORRIKAko irudi zaharrekin lagunduta».

Ziurrenik emanaldiak eginen dira Lizarraldean, baina etxeko sofatik ikusteko aukera ere izanen da: otsailaren 24an ETB1 katean emititzeko asmoa dago eta, behin bertan estreinatua izan,  AEKren YouTube kanalean geratuko da ikusgai.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena