Karlismoaren museoa, aldi baterako erakusketa berria: Sebastián Taberna. Gerraren aurpegia

Karlismoaren museoak aldi baterako erakusketa berria ekarri du lehen solairura: Sebastián Taberna argazkilariari buruzkoa. Erakusketa ikusgai egonen da 2025eko irailaren 7ra arte.

Erakusketaren ordutegia museoaren ohiko bera izanen da (sarrera doakoa da):

  • asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara
  • igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara

Jatorrizko albiste osoa Karlismoaren museoko webgunean.

Erakusketak ardatz du Sebastián Taberna Arregiren (Iruña, 1907-1986) argazki-ekoizpena, eta lehen aldiz erakusten du Nafarroan tokiko argazkigintzan nabarmendu zen egile honen lana. Beste pertsona ospetsu batzuekin harremana izan zuen, hala nola Nicolás Ardanazekin eta Pedro Maria Irurzunekin, eta haren lanak, gaiaz haratago, alderdi tekniko eta estetikoak jorratu zituen, garai hartako egile entzutetsuen postulatuei jarraikiz. Besteak beste, Paul Wolff argazkilaria maisu izan zen Leica argazki-kamera bat zuten milaka zalerentzat, baita Tabernarentzat berarentzat ere.

Erakusketa honen ardatza da Sebastián Tabernaren argazkigintza-lanak ondarearen, dokumentazioaren eta sormenaren aldetik duen garrantzia, eta balioa ematen die artxibo pertsonalei, ez baitira oso ezagunak, baita haiek ezagutarazteko eta zabaltzeko erakunde publikoek egin beharreko lanari ere, beharrezkoa baita herritarrek haien potentzial guztia estimatu ahal izan dezaten. Kazetaritza grafikoaren urrezko aroan kokatu behar dugu Taberna, non argazkigintza demokratizatu baitzen 35 mm-ko kamera konpaktuei esker (Leicari esker, batez ere), eta mintzaira berri horrek XX. mendeko ikus-kulturaren oinarria eratu zuen azkenean. Horrela, profesionalen izen ezagunei (Marín Chivite, Taro, Capa, Centelles, Michaelis) beste izen ezezagun batzuk gehitu zaizkie, profesional ez zirenenak (Nicolás Ardanaz, Lola Baleztena, Mika Etxebehere…), hala nola Sebastián Tabernarena. Belaunaldi horrek kode bisual eta tekniko bera izan zuen, eta, ikuspegi eta bizi-esperientzia desberdinen bidez, gertaera berberen iruditeria osagarriak eratu zituen, hainbat geruzaz eta esanahiz eraikitzen baita memoria kolektiboa.

Erakusketako argazki gehienak erakusketako kopiak dira, Carlos Cánovasek positibatuak Taberna Belzunce familiak kontserbatutako eta lagatako negatibo originalen digitalizaziotatik abiatuta. Horiez gain, hamahiru positibo original daude, Sebastián Tabernak bizi zenean errebelaturikoak, baita argazkilariaren erretratuaren positibo original bat ere, Pedro Maria Irurzunek egina. Horiez gain, argazkigintzarekin loturiko beste material batzuk ikusi daitezke, partikularrek lagatakoak.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena