Euskarak aste bizi-bizia izan zuen joan den astean Jaitzen eta, bereziki, Oteitzan. Hala, asteartean Saioa Alkaizak eta Sarai Roblesek bertso-bisita hunkigarria, mamitsua, dibertigarria eta, finean, zoragarria eskaini ziguten. Motiboa: “Hemen baditun 14” erakusketa, Nafarroan euskararekin nabarmendu diren 14 emakumeren ingurukoa.
Ostegunean, aldiz, liburutegi ibiltaria eta emakume zientzialariak Jaitzen. Teresaren eskutik, ordubetean bi jarduera egin genituen. Batetik, emakume zientzialarien berri izan genuen antzeztutako narrazioan eta, bestetik, liburuak era librean irakurtzeko aukera izan genuen.
Azkenik, larunbatean, Irriherriren euskararen Eguna ospatu genuen Oteitzan: goizeko 11etatik hasita, artisauak izan genituen plazan, Goazen abesti baten koreografia ikasi genuen, dantza herrikoiak egin genituen, txapa- eta buztin-tailerrak, mintza-poteoa eta kantu-poteoa, eta bazkari bikaina. Arratsaldean pilota partidua eta ilunabarrean kontzertuak. Eta aldarrikapena bazter utzi gabe, “Hordago” ekimena presente egon zen, nafar guztiontzako, euskara eskubide!
Asteartea bertso-bisita Oteitzan
Liburutegi ibiltaria eta emakume zientzialariak Jaitzen
Euskararen Eguna Oteitzan