Irakurri, Gozatu eta Oparitu. Liburutegietara bisitak AEKrekin eta liburu gomendioak Mintzakideren partez

liburutegiak

Apirilaren 23tik ekainaren 30a bitarte “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” kanpaina martxan dugu Garesen eta Lizarran. Horrela, bi herri horietako liburutegietan euskarazko liburu bat hartu eta irakurri ondoren deskontu txeke bat ematen zaio irakurleari dagokion herriko liburu dendetan nahi duen euskarazko liburua erosteko. Kanpainaren baitan, irakurzaletasuna sustatze aldera ere, Lizarrako eta Garesko euskaltegiekin batera bisita gidatuak eginen dira liburutegietara. Lizarran asteazken honetan (19:30ean) eta ostegun honetan (15:30); Garesen aldiz asteazken honetan (15:30ean) eta ekainaren 3ko astelehenean (19:30ean).

Bisita hauetara eta liburuak irakurtzera animatu asmoz, hainbat ekimen abiatu dira. Horietako bat dugu bi liburutegietako euskarazko liburu egokituen zerrendak: Lizarrako eta Garesko liburutegietan. Eta, bestetik, Maria, Ane, Ainhoa, Kontxi eta Arantxa mintzakideek haien liburu kuttunak gomendatu dizkigute. Hauek zeintzuk diren ikusteko, jarraitu irakurtzen.

Lizarran ostiraletan mintzakide dabilen Mariak Katu jendea eta Koaderno handia gomendatu dizkigu:

katu jendeaOrain denbora tarte bat “Katu jendea” izeneko liburua irakurri nuen eta gustatu zitzaidala besterik ezin esan arren, gomendatuko dut. Zazpi istoriok osatzen dute liburua eta sinpleak baziren ere, aldi berean bereziak gertatu zitzaizkidan. Eider Rodriguezek idatzitako liburu honek 2008ko Igartza saria irabazi zuen, Beasaingo Udalak idazle gazteentzako urtero antolatzen duen beka.
“Koaderno Handia” liburuko idazlea Agota Kristof da eta jatorrizko hizkuntza frantsesa da. Bigarren Mundu Gerraren ondorio krudelak bizi izan zituen idazleak berak eta horiek hartzen ditu oinarri.

koaderno handiaEleberri honetan bi anaia biki dira pertsonaia nagusiak. Beren amak gerrako arriskuetatik babestu nahian amonaren etxera eramaten ditu. Egokitzen zaien bizitza berria ez da oso polita; izan ere, gosea eta txirotasuna ezagutzen dituzte eta amonak ez die amodio handirik ematen. Haiek kontatzen dizkigute beren bizipenak, nola ikasten duten, nola egiten duten dirua edo janaria lortzeko…Oso anaia bereziak dira eta askotan gaiztoak direla ematen duen arren maitagarriak dira.

Oso liburu polita da eta erraz irakurtzen da. Ume baten idazkera erabiltzen du idazleak. Esaldiak motzak eta zuzenak dira. Ez dakit egokitu duten ala ez, nik EGA mailan nengoenean irakurri nuen, baina urrats baxuagokoentzat ere aproposa dela esango nuke…

Lizarran astelehenetan mintzakide dabilen Anek Tangoa noizean behin gomendatu digu:

tangoa noizean behinBatxilergoko A ereduko ikasleekin irakurtzen aritu gara aurten Miren Agur Meaberen “Tangoa noizean behin” liburua. Irakurtzen erraza izan arren (A1 mailarako egokituta dago), maila horretarako hizkuntza aberatsa du (ez ditugu etengabeko “da”, “da”, “da”, ”da”-k). Malena au pair gisa etortzen da Buenos Airesetik Euskal Herriko kostaldeko familia batera, haurrak zaindu eta etxeko lanak egitearen truke euskara ikastera. Familia horretan dagoen denboraldian bizipen gazi-gozoak izango ditu, eta Argentinara joan zen birraitonaren baserria ezagutuko du.
Garesko Ainhoa ostiraletan mintzakide dabil eta Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburua gomendatzen digu:

pijamaLiburu hau, “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa”, gomendatuko nuke gustatu zaidalako eta ez delako oso zaila (B2 maila ikasten ari naiz). Gainera, ulertzen ez duzuna testuinguruarekin uler dezakezu. Liburua gaztelaniaz atera zenean ez nuen irakurri, pelikula ere ez nuen ikusi, horrela euskaraz ateratzean aukera aprobetxatu nuen. Gaia kontutan hartuta, ez da harritzekoa irakurtzean pena eta inpotentzia sentitu izana; haurraren begietatik deskubritzen goaz guretzat historia bilakatu den zerbait.
Ainhoaren mintzakide diren Kontxik eta Arantxak berriz, Griot eta Kattalin gomendatu dizkigute:

griot“Griot” klasean irakurri genuen, B1 mailarekin. Griot hitz frantzesa da eta bizitzaren artista moduan uler daiteke. Horrela, liburua musikarekin oso lotuta dago eta bidaia baten historia da. Afrikara, Burkina Fassora, egindako bidaia kontatzen du; herrialde honek 63 etnia ditu eta liburuaren ataletan hauetako batzuen bizitza ezagutzen dugu. Liburua historia bakarra izan arren, kapitulu bakoitzak historia berri bat kontatzen dizu pertsonaia berri batekin.
kattalin“Kattalin” aldiz, pixka bat zaila suertatu zitzaigun (B1 mailarekin irakurri genuen). Liburua Toti Martinez de Lezearena da eta bi historiatan banatzen da, batetik Kattalinen historia eta bestetik inkisizioarena. Azken kapitulu hauek zailak izan zitzaizkigun. Anboto aldean kokatuta dago eta garai haietan sorginak ez ziren oso ongi ikusiak, XVI. mendean. Sorginak emaginak, belar-biltzaileak ea. ziren, eta garaiko giroa eta sendi arteko gatazkak topa ditzakegu bertan.
Aurreko artikuluaLizarraldeko eta Izarbeibarko maiatzaren 13tik 26rako euskal agenda
Hurrengo artikulua“Deserriak”, larunbatean Eñaut Elorrietaren bakarkako lana Lizarran