Ino liburudendaren eskutik, liburu gomendio berria: Xamarren ORHIPEAN. PAMIELA, 2024
Euskal kulturara sarbide erraz eta eder bat duzu hemen, irakurle. Orhi mendiaren bi magaletan hazten den Herriaren ohituren, sinesmenen eta bizipozaren azalpen xehea. Atalka lantzen ditu Xamarrek Euskal Herrian biltzen diren tradizio, istorio eta doinuak. Euskal Kulturaren izaera eta jarduna, hitz larriz jartzeko, luzamenduetan galdu gabe baina tentuz azaldua. Edizio erabat berritua dakargun honetan, euskal kulturaren dibulgazioko klasiko garaikide bat bilakatua da jada esku artean duzun liburua, milaka ale joan direlarik munduan zehar euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Baina zer da funtsean Xamarrek hemen dakarkigun hau? Patziku Perurenak ongi dion bezala, euskal animaren enziklopedia ttiki bat bezala hartzeko liburua da… Euskaldunok erregalo modura hartzeko liburua da hau…
Euskararen Herria ulertzeko lana, denborari eta kanpo eta barne gatazkei aurrea hartuz euskara egundaino gure ibar eta auzoetan mantendu duen Herri hau ulertzeko ezinbesteko lana.
Egileak hautatu margolan, argazki eta mapez lagundurik, begirada erakarri eta jakinmina pizten dutenak, Xamarren hitzek hasi eta buka ekarriko zaituzte gure ondarearen Historian zehar. Gordetzeko, oparitzeko eta behin eta berriz itzultzeko liburua duzu beraz eskutan, irakurle. Antton Luku adiskideak edizio berri honen aitzinsolasean dioen bezala: Liburutegia osatu behar dugu bidaia handi batendako bezala […]: gaineko apalategian Orhipeanen lehen edizioa ezarri beharko dugula. Eskerrak behin eta berriz Xamar.
(INO LIBURUDENDA)