Martxan da jada aurtengo IRAKURRI, GOZATU, BERTAN EROSI ETA OPARITU (IGBO) kanpaina. Aurten 15 urte beteko dituen programa hau Garean Euskaldunon Elkartearen ekimena da. Lizarrako Udalaren, Liburutegiaren eta liburu-denden (CLARÍN, DRAGON CÓMICS, EKOLORE eta INO) babesa eta laguntza du.
Programaren helburu nagusiak euskarazko irakurketa eta tokiko merkataritza sustatzea dira. Ekimenak martxoaren 15ean hasi eta maiatzaren 31ra arte irauten du. Urteroko egitura bera jarraitzen du: Liburutegitik euskarazko liburu bat hartzea da lehendabiziko egin beharra. Liburua itzultzean, irakurritako liburuari buruzko fitxa erraz bat betetzea da bigarren pausoa. Azken hau egiterakoan erosketa-txartela jasoko da. Erosketa-txartelak % 25eko deskontua eskaintzen du herriko liburu-dendetan euskarazko edozein liburu erosteko. Horrez gain, apiril eta maiatzaren bukaeran 30 euroko bi opari-txekeren zozketa eginen da, aipatutako liburu-dendetan erabili ahal izateko.
Aurtengo kanpainak aldaketa txiki bat izan du. Gure ondoan 15 urte egon ondoren, aurten Irrintzi liburu-dendak ez du ekimenean parte hartuko ixtear baitaude. Bere laguntza eta parte-hartzeagatik, gure eskerrik beroenak eman nahiko genizkieke.
Animatu eta parte hartu!