Gesalazko eta Jaizko izengoitiak, Koldo Colomo Castroren eskutik

Koldo Kolomok Gesalazko Ibarreko izengoitiak ikertu ditu, Estellerriko ipar ekialdean: Argiñano, Arzotz, Bidaurre, Biguria, Estenotz, Garisoain, Genbe, Irurre, Iruxo, Iturgoien, Izurtzu, Lerate, Muetz (udaletxea), Muniain eta Muzki. Bertzalde, Jaitz herria Gesalatzen egon ez arren, XIX. mendera artio haranekoa izan da eta horregatik ikerlan eremuan sartu dugu. Horrez gain, zenbait herri hustu eta desagertuta daude ibarrean, bertzeak bertze, Neusol (Irurren), Opako edo Opakua (Arzotzen), Oro (Jaitzen), Zurbano (Iturgoienen) eta Zurundain (Garisoainen). Ez da lehen aldian Lizarraldean honelako azterlana egiten duela, hala, Oteitzakoa Kotarro 58. aldizkarian bildu genuen (hemen pdf-a)

Euskararen aztarnak ugariak dira Gesalatzen; besteak beste gugana heldu dira euskarazko zenbait izkribu, hain zuzen, 1735. urteko apezendako dotrina christiana uscaras eta Muzkiko XVIII. mendeko eliz-testuak. Gainera, XX. mendearen azken laurdenean, landare izenak jaso zituen Irigaraik, toki-izenak Jimeno Juriok eta etxe-izenen multzo esanguratsu bat Isidoro Ursuak (2001). Ondare ez-material horri esker, Aitor Aranak, idazle azpeitiarrak, 1804 euskal hitzak bildu zituen Gesalazko hiztegian, euskarazko (2005) zein gaztelaniazko bertsioan (2012).

Izengoitiak: egungo baliabide linguistikoak
Izengoitia baliabide linguistiko unibertsala da eta, historian zehar, pertsonak deitzeko eta bereizteko erabili izan da. Erranahi aldakorra du eta gurasoengandik seme-alabengana heredatzeko joera du. Halaber, hizkuntza-baliabide estetikoa da, pertsonaren gaineko diskurtso sintetikoa edo karikatura linguistikoa bere baitan biltzen du.

Egun, modu egokian erabilita, baliabide oparoa eta erakargarria izan daiteke euskararen erregistro informalak aberasteko; izan ere, umorea erabiltzeaz gain, euskal senaren iturritik edateko aukera eskaintzen dio irakurleari. Azterlanean honako sailkapena egiten da: (1) Izengoiti kolektiboak, (2) Arlo fisikokoak, (3) Ogibideak, (4) Nolakotasuna, (5) Jentilizioa eta ahaidetasuna, (6)Animaliak eta landareak, (7) Elikagaiak, jantziak, tresnak, (8) Eraikinak.

Gesalazko eta Jaizko izengoitiak, Koldo Colomo Castroren eskutik (PDF)

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena