Gareanek edizio honetan ere bere kilometroa izanen du Lizarran: 851 km.a, 21:29an San Joan zubiaren ondoan, San Jeronimo atzean. Aurten Txokolipuinak programa izanen da lekuko-eramaile, egungo bere bi gidarien eskutik: Ines Bengoa kontalari eta antolatzaile eta Araia Parrondo gaztea, aurretik entzule, orain laguntzaile.

Txokolipuinak: 2007-2026
Garean Elkartearen sorrerarekin batera jaio eta bizi-bizirik dirauen jarduera ekarri nahi izan dugu Kotarrora: Txokolipuinak, arrats arras goxoak pasatzeko asmakizun paregabea.
Gareanen hasierako bilera batean agertu zen ideia, kide batek mahaigaineratuta. Nafarroako Antzerki Eskolan, astean behin-edo, horrelako zerbait egiten zutela, esan zuen. Gurean antzerkia baino ipuinak izanen ziren protagonista. Ideia borobila zen. Martxan jarri behar genuen. Jardueraren izenburua azkar sortu zen: “Txokolipuinak”: txokolatea eta ipuinak.
2007ko azaroaren 7an egin zen lehendabiziko saioa, Kiroldegiko Erabilera Anitzeko Aretoan, eta 74 haurrek parte hartu zuten. Lizarrako Garazi Tristan eta Irati Txasko gazteak arduratu ziren ipuinak kontatzeaz eta musikatzeaz. Lau ipuineko emanaldia eskaini zuten eta saioaren erdialdean umeek txokolatea eta ogia askaldu zuten. Askariaren banaketaz bi sukaldari arduratu ziren, goitik beheiti dena zuriz jantziak.
Ordutik 19 urte igaro dira, 110 saio inguru, eta bizi-bizirik mantentzen dira Txokolipuinak, bataz beste 45 haur inguru biltzen zirelarik hilero. Pandemia ostean proiektua kinka larrian geratu bazen ere, inoiz hamar lagunetik behera, Gareanen ez genuen programaren beharrean sinesteari utzi eta, ahal, berriro ere gora egin du eta azken urteotan 30 ikusletik gora egonkortu da parte hartzea. Azken urteotan Musika Eskolako Alfonso Ugarte aretoa izan dugu ipuin-leku, aurretik Bota elkartea.
Ipuin kontalari bikainak izan ditugu gure artean urte hauetan guztietan: Birjinia Albira, Koldo Aldai, Marta Bakedano, Ines Bengoa, Ainhoa Carrera, Patrizia Eneritz, Luisfer Etxeberria, Maider Galarza, Aitor Irazustabarrena, Maipaz Iturbe, Miren Lizasoain, Inma Lopetegi, Xabier Lopez, Ani Martinez de Lagran, Izaskun Mugika, Ainhoa Ruiz (Ebarekin batera), Amaia Elizagoien eta Pello Zabala.
Beraz, zorionak, Txokolipuinak, eta zorionak posible egiten (eta egin) dituzuen guztioi.




