Garean Euskaldunon Elkartea Lizarra eta Lizarraldeko euskararen aldeko elkartea da. 2007an eratu genuen eta ordutik euskararen normalizazioa dugu xede nagusi, eta horretarako euskarazko jarduerak eskaintzen ditugu (Txokolipuinak, ikuskizunak, tailerrak, Mintzakide, Kantuz…) eta euskal hiztunen komunitatea handitzeko eta trinkotzeko ekimenetan parte hartzen dugu (Mintzakide, Korrika, Euskaraldia, …).
Horien artean dugu Garean Jai Alai programa, festetako jai giroa ere euskaraz blaitzeko. Hala, 2024ko edizio honetan: abuztuko lehen ostegunean 19:00etan Kulki jolas parkearen baserriko jolasak Foru plazan; larunbatean 12:00etan Lizarran Kantuz Baxe Nafarroa kaletik abiatuta (eta ondoren bazkaria Santiago plazan) eta 19:30ean XI. Irrintzi txapelketa Santiago plazan; eta asteartean 19:30ean DJ Kaktus, txikitxoek salto eta dantza egin dezaten lurrean kaktus bat balego bezala. Dantza eta martxa! Jardueretako batzuk Udalaren laguntzarekin egingo dira.
Tamalez, litekeena da bosgarren ekitaldi bat bertan behera utzi behar izatea: larunbateko Eriz Magoarena, Begizur ikuskizuna, txosnagunean. Udalak txosnak behartu nahi izan ditu lekuz aldatzera, eta txosnetako antolatzaileek erantzun dute kokapen berriak ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen, txosnagunea bazterrera eramatea baino ez dela.
Bai txosnagunea, bai Santiago plaza, euskara dute ardatzetako bat. Horiek herritarren sozializazio espazioak dira, harremanak egin, elkar ezagutu, festez gozatu… eta leku horiek euskara bultzatzaile ere badira. Izan horietan antolatzen diren ekitaldiengatik (euskal musika taldeak, bertso-bermuta, hitzartzeak euskaraz, familia-ekitaldiak…), izan hizkuntza paisaiagatik (pankartak, barretako txartelak, …), izan barrako langile eta ohiko partaide zein bezero ugarik euskara dakitelako, gune horiek potentzial handia dute euskaldunek bertan euskaraz egin dezaten eta euskal komunitatea saretzeko eta sendotzeko. Aski jakina baita ez dela nahikoa euskara jakitearekin.
Bada, Udal Gobernuaren erabakiek Lizarrako festetako bi espazio ikonikoak izan ditu jomugan. Bata ahuldu, Santiago plaza, erreferentzia den hanketako bat den La Bota Peña bertatik alde egitera behartuz. Bestea, txosnagunea, bazterreko eremu batera eraman nahi izan du eta, gauzak dauden bezala, aurten txosnarik ez izatea ekar dezake.
Asko esan da jada erabakiak hartzeko moduez, begirune faltaz, eta abar, bada, Udalaren Euskararen Ordenantzaren 36 artikuluak honela dio, sustapenari dagokion kapituluan: Estella/Lizarrako Udalak euskararen erabilera areagotzeko euskara hutsezko gizarte-esparruen sortzea sustatuko du / El Ayuntamiento de Estella/Lizarra potenciará la creación de espacios sociales donde el uso del euskera prevalezca. Argiki, Udalak hori sustatu ez, baizik eta kaltetu baino ez du egin.
Osteguna 1, Foru plazan 19:00etan:
Larunbata 3, Baxe Nafarroa kaletik 12:00etan:
Larunbata 3, Santiago plazan 19:30ean:
Asteartea 6, Santiago plazan 19:30ean