Garean elkarteak udako kulturaldiaren balorazioa: eskerrik asko antolatzaileei eta parte hartzaileei

Uda atzean geratzen ari da, iraila udazkenerako zubi dugu eta ikasturte hasiera, eta une ezin hobea da udan zehar egindako jarduerak baloratzeko.

Gareanek ekain amaieran Kantuz Txiki saioa eskaini zuen, eta uztailean familientzako Potx eta Lotx pailazoak eta Tor Magoa ekarri zituen, bi horiek Lizarrako udalaren laguntzarekin; 500 ikusle hurbildu ziren ekitaldi horietara. Ondoren, Gazte Asanbladarekin batera, aldiz, gaztetxoendako “Konkiseko probak” antolatu zituen Mugituko kideek gidatuta. Halaber, abuztu amaieran “Lizarrako euskara eta euskaldunak” bisita gidatua prestatu eta eskaini genuen; horretan, Lizarrako euskararen berri ematen dugu gertaera, datu, hausnarketa, protagonista eta abar aurkeztuz. Orain arte egindako bi bisita irekiek erabateko arrakasta izan dute, osotara 50 lagun animatu baitira.

Balorazio baikor hau hankamotz geratuko litzateke Gareanek soilik aipatuko balitu propio eta zuzenean guk antolatutako ekitaldiak. Osotara, 40 ekitaldi baino gehiago izan dira euskaraz, ekainaren 25ean Lezaunen hasita eta irailaren 5ean Bearinen amaituta; erdia inguru Lizarran, beste erdia inguruko herrietan. Hala, euskaraz programatu dute, besteak beste: Udal ugarik, Larraizak, Gazte Asanbladak, Bertso Eskolak, museoek, liburutegiak, kultur eragileek, Irriherrik eta Ikastolak.

Gareanek eragile guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkie, erakunde bakoitzak beretik, dantzatik, gaztetasunetik, kultur sorkuntzatik, hezkuntza kooperatibotik, bertsotik, zerbitzu publikotik… euskarazko eskaintza ugaria, askotarikoa, kalitatezkoa eta deslokalizatua eskaini da Lizarraldean barrena.

Eta herritarrek eskertu dute, 4.000 ikusle baino gehiago izan baitira kontzertu, dokumental, bisitaldi, tailer, bertso, jolas, ginkana, pailazo, mago, zine, antzerki… Iaz 20 bat ekitaldi eta 1.000 ikusle pasa, aurten bikoiztu egin dira ekitaldiak eta laukoiztu ikusleak.

Eta, esan bezala, iraila trantsizio unea da, ezin baitugu ahaztu asteburu honetan gure garaiko bertsolaririk onenak datozela Muetzera (Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Amets Arzallus), datorren astean Nora eta D’ortagnan zinema estreinaldiak ditugula Los Llanosen, irailaren bigarren erdian Mugituk ginkana duela haur eta gazteentzat edo Karlismoaren museoak programatu duela euskaraz.

Eskerrik asko antolatzaileei, laguntzaileei eta bertaratu diren herritarrei. Etxetik plazara, plazatik eskolara eta plaza, etxe eta eskolatik mingain eta gogoetara!

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena