“Euskera ahora” kanpaina, helduak euskaltegira animatzeko

Kanpaina Nafarroako Gobernuak antolatu du, 33 udal eta toki entitate, gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Lan Ta Land euskaltegiekin. “Euskara ahora. Ikasi eta mugitu zure mundua! / Euskera ahora ¡Aprende y mueve tu mundo!” kanpaina, batik bat, gazte jendeari zuzendu zaio, gazteak euskara ikastera bultzatzearren, euskara ikastea hautu erakargarria baita, bizipen eta aukera anitz ematen dituena.

Eneko Egiguren Ruizek, Erronkaribarko Batzordeburuak: “Aurtengo kanpaina, adin guztietarako bada ere, gazteei begira egin da bereziki, eta horretan nabarmendu nahi izan dugu euskara ikastea aukera ezin hobea dela harreman pertsonalak ehuntzeko eta gizarteratzeko, euskal kulturara hurbildu eta ezagutzeko eta lan-aukerak zabaltzeko. Zentzu horretan, ez da ahaztu behar euskararen komunitatea dinamikoa eta gertukoa dela, eta euskara ikasleari babesa ematen diola”.

Informazioa eta laguntzak
Laugarren urtez jarraian, Euskarabideak ikasleei zuzenduriko laguntza-deialdi bat jarriko du abian, 2021-2022 ikasturtean ikastaroak egiteko asmoz. Joan den ikasturtean ia 900 ikaslek jaso zituzten dirulaguntzak. Era berean, deialdi honetan ikasle bakoitzak 300 euro bitarteko laguntza lor dezake eta, gainera, laguntzak bateragarriak dira toki entitateek banatzen dituztenekin. Izan ere, toki entitateek ere euskara ikasteko dirulaguntzak eskaintzen dituzte haien herrietan erroldatutako herritarrei. Lizarraldean, besteak beste, Lizarra, Villatuerta, Deierri, Jaitz, Gesalatz, Abartzuza, Lezaun, Lerin, Zirauki…

Euskarabideko dirulaguntzan ikasleek eskaera egiteko epea irailaren 27an zabalduko da, eta urriaren 24an amaituko.

Argibide gehiago: www.aprendeeuskera.navarra.es / www.euskaraikasi.nafarroa.eus eta elaide.eus webguneentan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena