Garcia Orcoyen, tokian tokiko osasun etxe eta osasun kontsultategiekin batera, Lizarraldeko osasun sarearen harribitxiak dira. Nor ez da haietatik pasa, batzuetan pozez, erditzeetan bezala, besteetan errutinaz, txertatzera kasu, zenbaitetan kezkaz, ingresatutako senide baten bisitan, edota nahi baino gehiagotan gu geu izanik bertan arta jaso behar duena.
Erietxea 1979an inauguratu zen, zinez zaharra da beraz, eta urteak joan urteak etorri, eraberritzeak eta erantsitako eraikin/zerbitzu berriak gehitu zaizkio. Eraikin sare hori seinale, kartel, panel eta informazio orri ugariz josia dago eta obra bakoitzean, zegokion Gobernuaren araberako hizkuntza paisaia ezarri da.
Hala, zaharrenetan gaztelania eta euskara ageri dira, euskara normalean subordinatua, bai kokapenean (azpian), bai hizki-motarekin (gaztelania hizki lodiz, euskara xehez) eta baita zenbaitetan zuzentasun faltan ere; 2000ko hamarkadatik egindako eraikin berrietan, aldiz, ez da euskararik apenas errotulazioan, guztiz desagerrarazia dago; eta azkeneko obretan, oro har, euskara subordinatua ageri da (azpian), baina normalean testuak txukun eta gehiegizko subordinaziorik gabe (hizki xeheagoa, etzana, …).
Bada garaia honakoa aldatzeko, bada garaia euskaldunak ere begirunez tratatzen hasteko, eta bada garaia gutxienekoak lortzeko: hizkuntza paisaia duina eta zerbitzua euskaraz. Edo inork pentsa dezake, euskara beharrean gaztelania balitz akatsez josia, errotuluetan desagertuta, subordinatua, … hamarkadatan iraungo zutela seinale horiek ziklikoki herritarrak kexatu arren? Ikusi hemen apirilean egindako argazki bilduma.
Badirudi Osasunbidean azkenean kasu egiten ari direla gisa honetako kexei, komeni da beraz administrazioari gogoraraztea Lizarraldean ere kexu garela. Horretarako, azpian dituzue bi herritarrek egin dituzten kexa-gutun ereduak, har itzazue, zuenera moldatu, egokitu… eta tramitatu kexa Nafarroako Gobernuari, Osasunbideari eta Euskarabideari zuzenduta: online (Clave kontuarekin) edo aurrez aurre herritarren arretarako bulegoetan (adibidez, Lizarrako, Deierriko eta Lizarraldeko udaletxe askotan).
Kexa-gutun eredu bat
Egun on,
Nire kexa eta haserrea adierazi nahi ditut Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalean dagoen hizkuntza paisaia negargarriarekin. Seinale asko eta asko gaztelania hutsez daude, besteetan euskara okerrago irakurtzeko moduan eta guztiz subordinatuta gaztelaniari: euskara azpian, hizki lodiz gaztelania eta ez euskara… eta logelen aldean euskaraz egon arren, gaizki idatzita daude hainbat.
Ospital honek milaka pertsonari ematen dio zerbitzu, lurralde zabal bati, eta euskara ere bada Osasunbidearen fakturak ordaintzen ditugun bertako herritarren hizkuntza, nirea. Aski da! Konpondu behingoz hamarkadak iraun dituen irain hau. Normala den bezala, maiz, ez goaz gustuagatik osasun zerbitzuetara, askotan urduri, kezkaz beterik, gaixo edota erituta igotzea tokatzen zaigu, norberagatik eta hurbilekoengatik, ez areagotu zuen herritarren mina.
Egoeraren erakusgarri, argazki-bilduma hau: https://www.flickr.com/photos/87621489@N08/albums/72177720321163177/with/54062675922
Kexa-gutun eredu bat
Egun on;
Lizarraldeko biztanlea naiz eta ospitalera joan behar izatekotan, Lizarrako Garcia Orkoien ospitalera joatea dagokit. Zorionez, gutxitan joan behar izaten naiz, baina joaten naizen bakoitzean, bertan dagoen hizkuntza paisaia ikustea mingarria egiten zait, ia dena gaztelania hutsean baitago eta euskaraz dauden gutxiak ez dira zuzenak. Hemen duzue egoera erakusten duen argazki sorta: https://www.flickr.com/photos/87621489@N08/albums/72177720321163177/with/54062675922
Hori dela eta, zuengana jotzen dut nire kexa eta eskaera egiteko.
Hasteko, ez da eskatzen dudan lehen aldia, Kontsulten atal berria egin zutenean kexa jarri baikenuen herritarren milaka sinadura aurkeztuz. Hogei urte pasa diren honetan, egina beharko lukeen lan bat da.
Iraingarria da, hain denbora eta lan gutxi eskatzen duen pausu xumea izanik egin gabe egotea. Beraz, espero dut zuen esku dagoen guztia egitea, 37.000 nafar inguru erabiltzen dugun ospitalea da eta eskubidea dugu gure hizkuntzan eta zuzen errotulatua egotea. Ez genuke onartuko gaztelaniaz akatsak egotea, baina euskaraz direnez, … Errespetu bera zor zaigu. Neure eskaera kontuan hartuko duzuelakoan.
Zuen erantzunaren zain.