Euskarazko mendi txangoa elur-ekaitzaren artean. Argazki galeria

Mugagara

Dakizuenez eguraldi kaxkarra dela eta Lizarrako Mendizale Elkarteak Mendaurrera antolatutako euskarazko txangoa bertan behera geratu zen. Txango hori Korrika Kulturalaren baitan egitekoa zen. Horren ordez igande goizean geratu ginen Lizarrako epaitegien ondoko aparkalekuan eta txango alternatiboa egitea baloratu zuen Elkarteak. Horrela, 11 lagun bildu ginen eta Erretzu aldera jo genuen. Bertatik 5 ordu pasako martxari ekin genion Ubaguaren arroilan gora. Ibaia bapo zetorren eta, ondorioz, bidea moztuta zegoen; hori ez zen izan baina mendizaleentzako muga eta mendian gora abiatu ginen. Arroilan gora egiten genuen heinean elur kopuruak ere gora egiten zuen eta arroilaren goi partean putreak gertutik ikusteko aukera izan genuen, hegazti handiak dira gero!

Ondotik, bailara txiki batetik abiatu eta azkenean aldapa gogor batean gora egin genuen Mugaga mendira iritsi arte (1.200 metro pasatxo). Bertatik Trinitatera abiatzea erabaki genuen eta, nahiz eta bidea nahiko laua izan, bidea uste baino neketsuagoa suertatu zitzaigun eguraldia petraldu egin baitzen. Haize gogorra eta hotza, elur-erauntsiak aurpegia kolpatzen zuen eta azala izoztu… azkenean, mendixka baten gainean Trinitateko baselizara iritsi ahal izan ginen eta bertan atseden hartu, arropa aldatu eta hamaiketakoa egin.

Hotza ez hartzeko baina berehala abiatu ginen mendian behera; elur metatua belaunetaraino iritsi zitzaigun tarteka baina hauts-elurra izaki nahiko erraz egin genuen aurrera eta berehala bailara batean sartu ginen eta haizea atzean utzi. Basoa zeharkatzen genuen heinean eta mendian behera gindoazela, elur kopurua gutxitzen zihoan eta azkenean Iturgoienera iritsi ginen. Handik kotxeetara 3 kilometro eskas eginda azkenean atseden hartzeko beta izan genuen. Txango gogorra baino ederra aldi berean, mendian iaioak ez garenontzako abentura polita.

Argazki galeriak: Mendizale elkartea (1), Mendizale elkartea (2) eta Bestelako argazkiak.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena