Euskararen memoria guneak: «Lizarra frontoia (1)»

Lizarra Ikastolako ikasleak Lizarra frontoiko eskaileretan Santa Ageda eguneko ospakizunean.

Kotarro aldizkariko Euskararen memoria guneak Estellerrian atal finkoari 68. Kotarron (2024) ekin genion. Lehenbiziko ale hartan Bargagorria izeneko kokalekuari eta toponimoari buruz aritu ginen eta, hain zuzen ere, Bargagorria ezizenez idazten du gure kolaboratzaileak.

Atal honen asmoa da gure eskualdean euskarak utzitako aztarnak eta lekuak lotzea, euskararen memoria-lekuak identifikatzea eta poliki-poliki bertako euskaldun euskaltzaleen identitatea sendotzea toki fisikoak eta historia lotuz. Kotarro 74 honetan «Lizarra frontoia (1)» ezagutuko dugu.

Lizarra frontoia (1)

Nafarroan, aro berriko lehen ikastolak 1960ko hamarkadan abiarazi zituzten, Francoren diktaduraren garaian, eta sortu ziren gizartearen eta familien ekimenari esker, euskararen transmisioa eta hezkuntza propioa bermatzeko asmoz. Testuinguru zail eta errepresiboan jaio arren, ilusioz eta konpromisoz eraiki ziren, eta pixkanaka sare bat osatuz joan ziren.

Aipatu hamarkadaren bukaeran, Lizarrako euskaltzale batzuk mugitzen hasi ziren. Urte luzeetako isiltasunaren ondoren, euskal kulturarekiko atxikimendua zuten lizarratar asko garai hartan legezkoak ziren elkarte gutxi batzuen inguruan biltzen hasi ziren; horien artean, nabarmena zen Lizarra Mendizale Elkartea.

1969an, euskara ikasteko elkartzen hasiak ziren elkarte horretako bost kide —Julia Peruski, Jesús María Bezunartea, Luis Mari García, Josemari Etxandi, Josetxu Etxarri eta Txomin Errazkin— amets bat lantzen hasi ziren: euskal eskola bat sortzea, Lizarrako haurrek euskaraz ikas zezaten.

Amets hura egia bihurtu zen 1970eko irailaren 29an, hogeita bost haur inguruk euskararen bideari hasiera eman ziotenean Udalak utzitako Lizarra Frontoiko gela batean.

Aurreko artikuluaEuspazioa: zoragarri guraso, euskararen gizarte ekimen eta haurrak
Hurrengo artikulua5 hitz: «Ez dago amaierarik»